Igartzako festak, indartsu
Auzoetako jaien hilabetea izaten da iraila Beasainen. Usurbekoen ondotik datoz Igartza-Loinatz auzokoak, eta ondoren etorriko dira Arana-Bideluzekoak. Gaur, hilaren 7a, 17:30ean, danbatekoaren ondoren, ...
Auzoetako jaien hilabetea izaten da iraila Beasainen. Usurbekoen ondotik datoz Igartza-Loinatz auzokoak, eta ondoren etorriko dira Arana-Bideluzekoak. Gaur, hilaren 7a, 17:30ean, danbatekoaren ondoren, buruhandiak irtengo dira haurren gozamenerako. Jarraian, 18:30-ean, Loinatz futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan ikuskizun berezia eskainiko dute okasiorako elkartu diren Takolo eta Pololo pailazoek; lehenengo ikuskizuna eskainiko dute bi pailazoek elkarrekin. Ondoren, 19:15ean, IX. Ardo dastaketa egingo dute.
Gaua ere indartsua izango da, Zesura, Mammut&The Palmeras Stuck eta Deus Ez taldeen kontzertuarekin. Gaztetxean azkenik, 22:30ean, Zurrunka antzerki taldeak Ac Nun. Un cipres en un desierto lana aurkeztuko du.
Duatloia eta dantza
Biharko eguna, gaztetxoen duatloiarekin hasiko da, 11:00etan. 2003 eta 2015 urte bitartean jaiotako haurrek har dezakete parte. 10:30ean irekiko da izena emateko epea. Eguerdi partean, berriz, 12:30ean hasita, Igartzako Dantzarien eguna ospatuko da Igartza Monumentu Multzoan. Eguerdiko poteoa, batukadak eta apar festak alaituko dute.
Arratsaldean txapelketen eta erromerien txanda izango da: 16:00etan mus txapelketa eta 16:45ean patata tortilla lehiaketa; eta 17:00etan erromeria Aiko taldearekin Igartzan eta 18:00etan, mezaren ondoren, Loinazko ermitan. 19:00etan, kontzertuak hasiko dira gaztetxean eta 21:30ean, auzo afaria egingo dute mozorroturik. Hippie auzoa da aurtengo gaia. Karaokearekin eta DJ festarekin amaituko da larunbata.
Omenaldia herri kiroletan
Azkeneko eguna ere indartsu dator. 11:00etan puzgarriak, 12:30ean Laguntasuna Errondaila eta 14:15ean paella erraldoiarekin herri bazkaria izango dute. Bazkalondoren, 17:00etan, txapel jaurtiketak eta txingak, eta 18:00etan buruhandiak izango dira.
19:00etan, azkenik, Iñaki Mujikaren eta Imanol Caminoren omenezko herri kirol saio izango da. Azurmendi eta Arrospide ariko dira aizkoran, eta Goenatxo eta Guzta harri jasotzen.