Euskal Herriko sagardo onena aukeratzeko probaketa herrikoia Beasainen hasi da
Gipuzkoako Sagardogile Elkarteak gaur abiarazi du Euskal Herriko IV. Sagardo Txapelketa Herrikoia. Beasainen izan da lau finalaurrekoetako lehenengoa, Gernikako Arbolako frontoian. Bazkaria antolatu dute Murumendi elkarteak eta udalak, eta 45 lagun bildu dira mahaira. Janarekin batera, hamar sagardo desberdin probatu dituzte, eta puntuak emanda baloratu dute bakoitza.
Guztira, 18 herritako 41 sagardotegik parte hartuko dute Euskal Herriko sagardo txapelketan. Lau kanporaketa egingo dira: Beasainen gaur egin dena lehena, Goizuetan, Oñatin eta Urnietan. Horietako bakoitzean lehenengo bi lekuetan aukeratutako sagardoek, eta puntuazioz lau gehiagok (12 guztira), finala Usurbilen jokatuko dute, irailaren 26an.
Itsu-itsuan aritu dira probatzaileak epaile lanetan. Ez dute sagardoaren markarik jakin, ez edan aurretik, ezta gero ere, ondorengo kanporaketetarako argitu ez dadin.
Bazkaritan 45 lagun biltzea “kopuru egokia” dela aitortu dute sagardogile elkartekoek. “Normalean, ohiko kopurua 50-55 lagun izaten dira, kanporaketetan. Helburua ez da jende askoko herri bazkaria egitea. Lagun artean sagardoaz hitz egin, probatutakoa komentatu eta sagardoaren irrika astetzea da helburua, sagardoaz gozatzea”.
Hala, kokatu dituzten bi mahai luzetan, hamar multzo osatu dituzte bazkaltiarrek, lauzpabost lagunekoak. Aldi berean atera diete sagardo lote bakoitza. Jateko, baserriko txerriaren urdaiazpikoa eta txorizoa, bertako barazkiekin egindako entsalada, bakailao ajoarrieroa, eta txerri solomoburu erreak pikillo piperrekin izan dute; postrean, Idiazabal gazta, sagar-goxoarekin.