Udalak 5 eta 7 urte arteko haurren iritzia jasoko du. 0-7 urtekoen gurasoena eta eman nahi duten legazpiarrena ere bai. Lau proiektu eman dituzte aukeran

Legazpiko Udalak atzo abiatu zuen Fleming kaleko haur parkeko berrikuntza egiteko prozesu parte hartzailea. Lau proiektu emango dituzte aukeran eta botoa eskatuko diete 5 eta 7 urte bitarteko haurrei, 0-7 urte bitarteko haurren gurasoei eta botoa emateko interesa duen legazpiar orori.
Irailaren 16ra arte, datorren igandea, jasoko dituzte botoak. Ohi bezala, webgunearen eta LegazpiOn aplikazioaren bidez eta udaletxeko harrera bulegora joanda eman ahal da botoa. Modu horiez gain, haurrek eskoletan eman ahalko dute botoa eta txikienen gurasoek haur eskoletan zein eskoletan jasoko dituzte inprimakiak eta han bertan izango dituzte hautetsontziak.
Parkea berritzeko dauden lau aukerak biltzen dituen horma irudia jarriko da eskoletan. Gustukoen duten aukera eta hura hautatu izanaren arrazoia eman beharko dute boto emaileek. Boto emaileen artean Mirandaolako burdinola martxan ikusteko bi familia bonu eta bi liburu sorta zozkatuko dituzte; liburu sorta udal liburutegiko liburuzainek aukeratutakoa da.
Bozketaren emaitza irailaren 27an emango du udalak.
Fleming kaleko parkeak 15 bat urte ditu eta berritze lanak «beharrezkoak» dituela esan zuen Erik Galvez hirigintza zinegotziak parte hartze prozesuaren aurkezpenean, atzo, haur parkean bertan.
Aurkeztu dituzten lau aukeren arteko ezberdintasunik handiena gaian datza: palmondoa, sugea, estralurtarrak edo zooa dira lau gaiak. Berrikuntza lanek 27.000 euroko aurrekontua dute.