Ohitura Zaharren Eguna 2014. urtean egin zuten azkenekoz. // Argazkia: Aimar Maiz
Ataundarrek Ohitura Zaharren Eguna egingo dute beste behin ere. Garai bateko lanbideak eta bizimodua gogoratuko dituzte, festa giroko egunean. Dozenaka ataundarrek parte hartuko dute ekitaldian, eta gainontzeko herritar eta bisitariei ere, garai bateko jantziekin joateko deia egin diete. Bosgarren edizioa izango du jaiak; aurrekoak, 2005, 2008, 2010 eta 2014. urteetan egin zituzten. Aurtengoa, urriaren 21ean izango da.
Aurtengo egitaraua erabat zehazteko badago ere, goizean zehar, ganadu erakusketa eta baserri giroko lanbideak gogora ekarriko dituzte. Ezkontza bat ere antzeztuko dute, garai bateko eran, idi gurdi eta guzti. Ondoren herri bazkaria izango da, eta arratsaldean, desafio edo apustu bat egiteko asmoa dute.