Adineko pertsonentzako ikastaro sorta antolatu dute Urretxun
Urretxuko Udalak adineko pertsonentzako ikastaro eta tailer sorta antolatu du. Helburua adinekoek burua eta gorputza lantzea, kalera irtetea eta gainontzeko bizilagunekin harremanetan egotea da. Irakurketa Errazaren kluba irakurketarekin eta honen
Urretxuko Udalak adineko pertsonentzako ikastaro eta tailer sorta antolatu du. Helburua adinekoek burua eta gorputza lantzea, kalera irtetea eta gainontzeko bizilagunekin harremanetan egotea da.
Irakurketa Errazaren kluba irakurketarekin eta honen ulermenarekin zailtasunak dituzten pertsonei zuzendua dago. Sei saio izango dira, liburutegian: astelehenetan, 11:00etatik 12:00etara, urriaren 15etik azaroaren 19ra.
Gimnasia mentalaren tailerrean garuna entrenatuko dute eta memoria landuko dute, urritik ekainera. Saioak astelehenetan izango dira, 16:00etatik 17:30era, Aterpe jubilatuen etxean.
Memoria lantzeko, Elkarrekin gogoratzen tailerra ere antolatu dute. Atzoko Urretxu gogoratzeko elkartuko dira, ostiraletan 10:00etan. Aterpe elkartearen aldizkarian lan egiteko aukera ere badute. Astelehenetan elkartzen dira, 17:30etik 18:30era.
Toki berean beste ekintza batzuk ere egingo dituzte. Psikomotrizitate saioak astearte goizean eta ostegun arratsaldean izango dira. Eskulan ikastaroa, berriz, asteartetan, 16:00etatik 18:00etara.
Ondo sentitu tailerrean erlaxazioa landuko dute eta bizitza estilo osasungarriago bat lortzeko teknikak ikasiko dituzte. Saioak asteazken arratsaldetan izango dira. Aktiba zaitez tailerrean, berriz, egokitutako jarduera fisikoa egingo dute: oreka, posturaren kontrol estatikoa eta dinamikoa… landuko dituzte. Saioak ostegun goizetan izango dira.
Bestalde, urtero bezala, elkarrekin paseatzeko aukera edukiko dute. Ttipi Etapa ekimeneko irteerak asteazkenetan izango dira. Areizaga-Kalebarren plazan elkartuko dira, 11:00etan.
Sukaldaritza tailer bat ere antolatu dute. Bertako adinekoek euskal sukaldaritza tailerra emango diete kanpotik etorritakoei. Saioak urriaren 27an, azaroaren 17an eta abenduaren 1ean izango dira.
Bukatzeko, udalak adinekoek duten potentzialitateari zukua ateratzeko foro bat sortu behar du. Herritarren bizi kalitatea hobetzeko, beraien proposamenak landuko dira. Bilerak asteazkenetan izango dira, 10:00etatik 11:00etara. Ekimen hauetan parte hartu nahi dutenek, Gizarte Zerbitzuetan edo Aterpen eman behar dute izena, hilaren 22a baino lehen.