Doniturrieta inguruan dagoen oinezko bidea. Hura zabalduta egingo dute ibilgailuentzako bidea. // Argazkia: I.Gurrutxaga
Eguzki Erakunde Ekologistak salatu du “legez kanpoko pista berri bat” eraikitzera doazela Aralarko Parke Naturalean. Intsentsao eta Goroskintxu artean hormigoizko pista bat eraikitzea, auzitegietan dagoen gaia dela gogorarazi dute, eta aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko eta Ingurumeneko diputuatuak auzipetuta. Eguzkik, bereziki kritikatu du gai honetan EH Bilduk izan duen jarrera, haien hitzetan, proiektuari “onarpena eta bultzada” eman baitiote.
Enirio-Aralar Mankomunitatean EH Bilduk gehiengoa duela gogorarazi du Eguzkik. Mankomunitateko Lehendakariak deituta, uztailaren 30ean egin zuten azken bileran, “EH Bilduko hautetsi batzuen bozkak erabakigarriak” izan zirela diote, “ia 3 kilometroko luzeera eta 4 metro arteko zabalerako hormigoizko pista bat” eraikitzea onartzeko. Pista hori egiteak, 18.000 metro koadroko azaleran lur mugimenduak eragingo dituela gogorarazi dute, eta eremu hori herri lurretan dagoela.
Eguzkiren ustez, “orain arte EAJ izan da Aralar edo Aizkorri-Aratz bezalako eremu babestuen artifizializazioa bultzatu” duena; orain, ordea, “EH Bilduk jauzi handi bat” eman duela uste dute, “lurraldea gehiago suntsitzeko norabidean EAJrekin batera” kokatuz. Hala, EH Bilduk mugimendu ekologistekin hartutako konpromisoa hautsi duela diote. Eguzkik “EH Bilduri bere erabakiak zuzentzeko eta Aralarko Parke Naturalaren artifizializazioa areagotzeko proiektuei uko” egiteko exijitu dio.