Khan Tengrin, bigarrenean gora
Joseba Iztueta mendigoizale gabiriarrak bi 'zazpimilako' igo ditu, abuztuan: Lenin Peak eta orain bi urte eguraldiak utzi ez zion Khan Tengri. Elurretako Lehoinabar sorta osatu nahi du.
Helikopteroan Khan Tengriko behe kanpalekura (4.000m) iritsi, eta hiru eguneko eguraldi oneko leihoa baliatu zuen Iztuetak. Igoeren denboraldia ahituxea zen, eta errusiar mutil gazte batekin besterik ez zuen topo egin, lehen kanpalekuan (4.300m). Bigarrenera (5.400m) harekin igo zen. Hura artean aklimatatu gabe, eta 2.ean utzi laguna, eta 3.era arte (6.000m) segi zuen Iztuetak, jarraian.
Dendan atseden hartu, eta haizea baretu arte zakuan egon zen. «Dendako atea ere ezin zen zabaldu». Gaueko 03:30ean abiatu zen, gehiago ezin itxaron eta. «Hirugarren kanpalekutik gora hasten da teknikoena, 1.100 metro desnibeleko ertz batean, ia dena eskalatuz. Ordu eta erdi iraun nuen, baina termoko ur beroa bukatu zitzaidanean, elurretan zulo bat egin eta haize babesean egon nintzen. Nire bizitzako hotz handienak pasatu nituen. Eguzkia irtendakoan abiatu nintzen, 5etan. Elurretan bidea ireki eta soka atera behar izan nuen goira arte, azken astean inork ez baitzuen zapaldu».
Gogorra izan zen azken zatia. «Oso nekatuta iritsi nintzen. Hankak txikituta neuzkan, hotzagatik. Gailurreko unea oso berezia izan zen: ni bakarrik galdutako mendi izugarri hartan».
Hirugarren kanpalekura, irten eta 13 ordura iritsi zen. «Jaitsiera uste baino hobeto egin nuen, oso azkar, ahalik eta beheren lo egiteko». Bigarrenean pasa zuen gaua, eta biharamunean beheraino jaitsi zen, errusiarrarekin.
«Sentsazio gogorrak eta politak» izan ditu Iztuetak. «Inoiz ahaztuko ez ditudan egunak».
Sobietar Batasun ohiko bost gailur gorenak igo nahian
Elurretako Lehoinabarra titulua Sobietar Batasuneko gobernuak 1967an sortu zuen, 1917ko urriko iraultzaren 50 urte ospatzeko. SESBeko bost gailur garaienak igo dituzten mendizaleei ematen zaie saria, eta mundu osoko 650 bat mendizalek soilik daukate. Xabier Ormazabal urretxuarrak 2002-2004 artean lortu zuen. Cho Oyun hil zen gero, 2004an. Joseba Iztuetak buruan darabil Elurretako Lehoinabarraren sorta osatzea, beste proiektu batzuen artean. «Baina presarik gabe hartuko dut. Ea hurrengo urteetan, udaren batean joateko aukerarik daukadan berriz». Ismail Samanik (7.495 m; lehen Komunismo deitua), Pobeda (7.439), Lenin (7.134), Korzhenevskaya (7.105) eta Khan Tengri (7.010) dira gailurrok. Kirgizistan, Kazakhstan eta Tadjikistanen daude, Pamir mendilerroan lau gailur, eta Tian Shanen bat (Pobeda).














