Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren 24. Azoka egingo dute igandean Zerainen. Ekoizleak eta kontsumitzaileak batzeko plaza da. Erakustaldiak eta tailerrak ere izango dira
Giza aktibitate iraunkor eta jasangarria naturan barneratu nahi duen ekoizpen sistema da nekazaritza ekologikoa, baliabide naturalak zentzuz erabiltzen dituena. Haren helburu nagusia, epe luzera lurraren emankortasuna mantendu eta hobetzea da, eta horretarako, ongarri eta pestizida kimiko guztiei uko egiten die abere eta labore ekoizpenean. Ingurumena hondatu eta elikagaiak kutsatu gabe lan egiten da ekologikoan, laborantza txandakatuz, biodibertsitatea landuz, izurriteen kontrol biologikoa eginez eta ongarri berdeak eta bestelako teknikak erabiliz.
Helburu horiek guztiak jorratzeko sortu zen 1993an Biolur Gipuzkoa, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren aldeko elkartea baserritar talde txiki baten ekimenez. Eta hurrengo urtean, 1994an, antolatu zuten Zerainen Gipuzkoako lehen azoka ekologikoa hainbat eragilerekin lankidetzan. Aurten 24. edizioa du Zeraingoak. Igandean egingo da, hilaren 16an, 10:00etatik 14:00etara. Produktuen salmenta ez ezik, tailerrak eta erakustaldiak ere egingo dira.
Hazten ari den sektorea
Produktu ekologikoak ekoizten eta kontsumitzen dituzten herritarren kopurua hazten ari dira, eta gero eta kontzientzia handiagoa dago janariak osasunean duen eraginaz eta elikagaiak ekoizteko moduaz. Eta bide horretan, azokek funtsezko papera betetzen dute, ekoizleek eta kontsumitzaileek zuzeneko tratua izan dezaketelako.
Kalitatezko produktuak
Igandeko azokak nekazaritza ekologikoa eta bestelako produktuak lantzen dituzten 23 ekoizle elkartuko ditu Zerainen. Ekoizpen ekologikoaren arauen arabera ekoitzitako produktu aukera zabala izango da salgai: edariak, gozogintza, barazkiak, txerrikia, ogia, gaztak, haragia, pasta, olioa, fruta… Saltzaileen artean, sei goierritarrak izango dira: Urretxuko Aikur eztia, Itsasoko Goiti ogia eta Hariztizabalgo ogia eta sagarrak, Olaberriko Anburen gazta eta ardoa, Goierriko Goieko haragi ekologikoa eta Ataungo Sandra Clivillek artilez egindako arropa. Erosleen artean, produktu ekologikoekin osatutako bi saski zozkatuko dituzte. Informazio mahaiak ere jarriko dituzte Goierriko Kontsumo taldeen ekoizleek eta Biolur Gipuzkoa elkarteak.
Azoka baino gehiago
Zeraingo azoka ez da salmenta hutsera mugatzen ordea. Goizetik, umeentzako gailetak egiteko tailerra, Goierriko artisauak (keramika, makilak, tailak, gantxiloa, artilea, kandelak… ) eta pintxo ekologikoak dastatzeko aukera ere izango da. Zeraindarrek muztioa egingo dute antzinako eran, eta Mandioak eta herritarrek eskaintzen dituzten produktuak ere erosi ahalko dira. Bestalde, Urki Balerdik sukaldaritza erakustaldia egingo du azokako produktuekin. Eta nola ez, Zeraingo Paisaia Kultural aberatsa ere bisitarien esku egongo da: Herri museoa, Burdinaren mendia, Larraondoko zerrategia…