Zumarragako Ibaiondo zentroan droga trafikoa eta adin txikikoen eta langileen arteko “harreman intimoak” salatu ditu segurtasun arloko langile ohi batek. Salaketa joan den uztailaren 27an jarri zuen Espainiako Poliziak Donostian
Zumarragako Ibaiondo zentroan droga trafikoa eta adin txikikoen eta langileen arteko “harreman intimoak” salatu ditu segurtasun arloko langile ohi batek. Salaketa joan den uztailaren 27an jarri zuen Espainiako Poliziak Donostian duen egoitzan, eta haiek Bergarako guardiako epaitegiaren esku utzi zuten auzia; argitara ordea, gaur atera du Gipuzkoako egunkari batek.
Salaketako 31 orrialdeetan 2012 eta 2018 urteen artean gertatutako hainbat lege hauste jasotzen dituzte. Txostenaren arabera, “estupefazienteak sartu eta trafikatu” zituzten zentroan, eta hainbat kasutan drogak atzeman zizkieten erabiltzaileei. Gainera, adin txikiko erabiltzaileen eta zentroko langileen arteko “harreman intimoak” ere izan zirela salatu dute, gutxienez bi kasutan.
Ibaiondo zentroa zaintzeko Delta segurtasun enpresa kontratatu zuten, eta hamasei zaindarietako bat zen salaketa jarri duena. Bere eta beste hamabost lankideren izenean jarri zuela dio. Gainera, salaketaren berri Eusko Jaurlaritzako Justizia Segurtasun Zuzendaritzari eta Lan eta Justizia zuzendariari jakinarazi ziela dio. Hauek ordea, ukatu egin dute gaiaren inongo berririk dutenik. Salaketa jarri duen zaintzaileari eta bere lankide bati espedientea zabaldu zioten, eta kaleratu egin zituzten biak.