«Nahi bezalako emaitzak izan ez arren, pausu bat aurrera eman dut»
Mikel Paredes (Lazkao, 1997) Ampo Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeko txirrindularia da. Errepide gaineko hiru lasterketa gelditzen zaizkio aurtengo denboraldia amaitzeko.
Atseden handiegirik ...
Mikel Paredes (Lazkao, 1997) Ampo Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeko txirrindularia da. Errepide gaineko hiru lasterketa gelditzen zaizkio aurtengo denboraldia amaitzeko.
Atseden handiegirik hartu gabe zabiltza.
Hori da, batetik bestera. Kantabriatik gauez iritsi, hurrengo egunean aurkezpena nuen klasean, entrenamenduak eta asteburuan lasterketa berriro Urdulizen. Eskolako lanak beti kostatzen dira gehiago, baina denerako tartea aurkitzen dut.
Denboraldi amaierara gerturatzen ari zara ezta?
Bai, hiru lasterketa gelditzen zaizkit soilik: Zaldibia, Oñati eta Altsasu.
Zein helburu dituzu lasterketa horietan?
Azken aldian nahiko txukun nabilela esango nuke, beraz, ikusi egin behar. Zaldibiako lasterketa gogorra izan ohi da eta Oñatikoa ere dezente kostatu ohi zait. Saiatuko gara lan polita egiten, beti izaten baita jende indartsua horrelako lasterketetan.
Denboraldian zehar sailkapenean postu onak pilatzea lortu dituzu. Tolosan bigarren, Ataunen 23 urtez azpiko Gipuzkoako txapeldun…
Ez da denboraldi txarra izan. Emaitzak lagun direnean moralerako bultzada dira eta nahi adinako emaitzak izan ez ditudan arren pausu bat aurrera eman dudala nabaritu dut.
Maiatz aldera pilatu dituzu sailkapenean postu onenak.
Bai, Espainiako Txapelketak ziren orduan, eta nire gorputzaldi onenarekin egin zuten bat data horiek. Ondoren apur bat behera ere egin nuen, ez bainaiz errepidean nagoenean oso berozalea, eta orain berriro gorantz noa.
Lazkao zein inguruko lasterketak bereziago egiten al zaizkizu?
Guztiz. Etxe ingurukoetan beste indar bat ateratzen zait, beste motibazio bat. Azken finean edozein txokotan, edonork, zure izena oihukatzen duenean ilusioa pizten dizu; indarberritu.
Datorren urteari begira zein asmo dituzu?
23 urtez azpikoetan urte bete gehiago gelditzen zait, beraz Ampon jarraituko dut.