Zaintzaren kultura sustatzeko, Elkarzain proiektua jarri dute abian
Zumarragako Udalak, Hezi2de enpresak eta Matia institutuak Elkarzain proiektua jarri dute abian zainketa kultura sustatzeko. Zaintzaileentzako saioak, hezkidetza ikastaroa eta bakardadeari eta heriotza-doluari buruzko ikastaroak antolatu dituzte. Egitasmo honen helburuak
Zumarragako Udalak, Hezi2de enpresak eta Matia institutuak Elkarzain proiektua jarri dute abian zainketa kultura sustatzeko. Zaintzaileentzako saioak, hezkidetza ikastaroa eta bakardadeari eta heriotza-doluari buruzko ikastaroak antolatu dituzte.
Egitasmo honen helburuak lau dira: zaintza maila publikoan eta politikoan kokatzeko beharrari buruz hausnartzea, zainketetan oinarrituko den gizartea eratzeko beharraz sentsibilizatzea, gizarteko sareen garapena laguntzea eta gertutasunetik zaintzeko kultura garatzea.
Zaintzaileei beraien erronkak modu egokian kudeatzeko estrategiak eta baliabideak eskainiko dizkiete. Horretarako, zazpi saio antolatu dituzte. Irailaren 19an, urriaren 3, 17 eta 31n, azaroaren 14 eta 28an eta abenduaren 12 eta 19an izango dira: 15:30etik 17:00etara, Zelai Arizti kultur etxean.
Hezkidetzari buruzko saioak ere egingo dira. Bertan, neskak eta mutikoak berdintasunean hezteko tresnak eskainiko dituzte. Saioak urriaren 8an eta 22an, azaroaren 5ean eta 19an, urtarrilaren 14an eta 28an, otsailaren 4an eta 18an, martxoaren 4an eta 25ean, apirilaren 8an eta 29an eta maiatzaren 6an izango dira: 14:45etik 16:15era, Zelai Arizti kultur etxean.
Heriotza-doluari buruzko hitzaldiak urriaren 4an eta abenduaren 10ean izango dira, 17:00etatik 18:30era. Urriaren 24an eta azaroaren 21ean gaiari buruzko kafe tertuliak egongo dira, ordu eta toki berean.
Bukatzeko, bakardadeari buruzko hitzaldi bat ere antolatu dute. Azaroaren 12an izango da, 15:30etik 17:30era, Zelai Arizti kultur etxean.
Zaintzaileentzako saioetan eta hezkidetza saioetan parte hartu nahi dutenek, izena eman behar dute. Horretarako, Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete edo 943 72 91 55 telefono zenbakira deitu.
Egitasmo hau atzo aurkeztu zuten. Aurkezpenean Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Arantxa Gonzalez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Hezi2de enpresako Miren Josu Aranburuk eta Matia fundazioko Ainara Tomasenak parte hartu zuten.
Guztiek zainketaren eta hezkidetzaren garrantzia azpimarratu zuten eta herritarrak parte hartzera animatu zituzten.