Elikadura ardatz, osasunari keinu
Goierriko XI. Jardunaldi Ekologikoak egingo dituzte datorren astean bost herritan. Aurten hil den Jesus Mari Gonzalez baserritar eta ekosozialista izango dute gogoan bost saio horietan.
SOSLAIA: Jesus Mari Gonzalez (1946-2018)
–Angela Linskey Inglaterran hasi zen dena, 1975. urtean, Jesus Marik eta biok denboraldi bat pasa genuenean han hark ingeles maila hobetu zezan. Leeds-eko bibliotekan Our daily bread (Gure eguneroko ogia) liburua hartu zuen, eta agroelikadura industrial konbentzionalari buruz irakurri, eta industria horrek ingurumenean eta gizakion osasunean eragiten zituen kalteak ezagutu ondoren, bizitzeko eta elikatzeko beste modu bat aurkitu behar genuela erabaki zuen. Euskal Herrira 1976an itzuli ginen, eta gure bizimodu berriak nolakoa izan behar zuen zehazten hasi ginen. Jesus Mariri betidanik gustatu izan zitzaion mendian ibiltzea eta hark zuen zaletasun hori nire egitea lortu zuen. Gipuzkoan barrena egin genituen ibilaldi eta zeharkaldietan arreta berezia sortzen ziguten lur landuz inguratutako baserriek eta arnasten zen giro baketsuak. Hark argi zuen gure aldaketa pertsonala baserri batera bizitzera joanez eta gure elikagaiak era ekologikoan ekoitziz hasiko zela. Artean, ordea, informazio guztia atzerrian aurkitu behar zen. Bila eta bila aritu eta gero, eta saiakera antzu bat baino gehiagoren ondoren, bilatzen genuena aurkitu genuen. Urte hauetan guztietan ikusi dugu gure bizimodurako geneukan oinarrizko ideia garatu egin dela, energia berriztagarriak darabiltzatzen eta familian eta taldean kudeatzen diren baserri ekologiko gehiago dagoela, tokiko salmentara bideratu direla baserrietan ekoitzi diren produktu horiek, eta guretzat behintzat garrantzitsuena izan dena, naturarekin bat bizitzeko hautuak bizirik dirauela.Egitaraua
Irailak 18, asteartea · 19:00. Hitzaldia (euskaraz), Ataungo udaletxean. Hesteetako mikrobiota, osasunaren gakoa. Ikasi nola zaindu. Hizlaria: Garbiñe Etxaniz (Osasun integratiboan aholkularia). Irailak 19, asteazkena · 19:00. Hitzaldia (gazteleraz), Ordiziako Barrenan. Emaidazu pozoia. Gaixotzen gaituen elikadura. Hizlaria: Eneko Viñuela (Gure platera, Gure aukera dinamikako kidea). Irailak 20, osteguna · 19:00. Hitzaldia (euskaraz), Zeraingo kultur etxean. Baratze ekologikoa. Hizlaria: Leire Ibarretxe (Biolur elkartea). Irailak 21, ostirala · 19:30. Hitzaldia (gazteleraz), Segurako kultur etxean. Norbera sendatu, sendagaien arriskurik gabe. Hizlaria: Eneko Landaburu (Sendagilea eta dibulgatzailea). Irailak 22, larunbata · 10:00-14:00. Ogi tailerra Itsasoko Goiti baserrian. Izena emateko: 943 08 74 98 zenbakian edo Goierriko Baratza dendan. Plaza mugatuak.