Arrese eta Zurutuza
Oiangu pilota elkarteak 25 urteko ibilbidea du pala munduan, eta asteburu honetan beste urrats bat eman du. Lehenengoz, paleta goma jokalmoldean lehiatu da Ordiziako taldea. Orain arte, paleta larruz, pala motzez eta palaz jokatu dute elkarteko pilotariek.
Ibon Zurutuzak eta Xabier Arresek osatu dute Oianguren lehen bikotea jokamolde horretan. Gipuzkoako txapelketako lehen jardunaldian neurtu dituzte indarrak Tolosarekin, eta ezin izan diote bide berriari garaipenarekin ekin. 25-5 galdu dute, lehenengo partida.
Paleta goma da palaren munduan dauden jokamoldeen artean herrikoiena. Hori dela eta, Oianguren jarduna esparru berri horretara zabalduta, jende gehiago elkartera hurbiltzea espero du taldeak.
Gipuzkoako txapelketa
Paleta larruz, berriz, Gipuzkoako txapelketako bigarren jardunaldia jokatu dute Oianguko bikoteek joan den asteburuan.
Lehenengo mailan, garaipena eskuratu dute bi bikoteek. Aitor Luzuriagak eta Azeari Andonegik 26-35 irabazi diote Usurbilgo Pagazperi. Beñat Ibargurenek eta Imanol Olaranek, aldiz, Reala hartu dute mendean, 31-35.
Bigarren mailan, Xabier Berasategik eta Gorka Berasategik izerdirik atera gabe lortu dute garaipena, Donostiako Altzatarrak ezin izan baitzuen partidura agertu (35-0). Aitor Otegik eta Zuhaitz Letamendiak 29-35 galdu zuten Debako Euskal Jolasen kontra, eta Iñaki Aranburuk eta Iñaki Agirrek 35-19 galdu dute Oiartzungo Txosten aurka.
Hirugarren mailan, Hodei Irastorzak eta Martin Mendikoak ere ezin izan dute punturik batu. 35-24 gailendu zitzaien Euskal Jolaseko bikotea.