Errefuxiatuen egoera hobetzeko lanean ari den elkarteko kideek legazpiarrak bileran parte hartzera animatu nahi dituzte
Hotz Legazpi elkartekoek bilera egingo dute bihar, kultur etxean, 19:00etan. Bilera irekia dela azpimarratu dute. Elkartea errefuxiatuei elkartasuna eta laguntza helarazteko sortu zuten. Gaurko bileran datozen hilabeteetan egingo dituzten ekimenen nondik norakoa zein izango den aztertu eta zehaztu nahi dute.
Ekimen horiek gaiarekiko interesa eta laguntzeko gogoa duen legazpiar ororekin batera zehaztu nahi dituzte. Diotenez, «guztion laguntza beharrezkoa da egungo egoeran».
Jon Maiztegi elkarteko kideak aurreratu du balizko hainbat ekimenen zerrenda egin dutela jada bilerara doazenekin partekatzeko. Besteak beste, Itsas Salbamendu Humanitario-Maydayterraneo taldearekin elkarlanean jarraitu eta haiek lanean jarrai dezaten legazpiarren alea biltzen segi eta elkartasun hori guztia bideratu; elkartasun katiluen kanpainaren jarraipena egin eta beste herri batzuetara zabaldu, taldeen arteko elkarlana bultzatu edota film proiekzioak egin errefuxiatuen errealitatea gizarteratzeko. Edonola ere, bilera irekia dela berretsi du eta bertan ekimenen nolakotasunari buruz eztabaidatuko dutela adierazi du eta legazpiarrak bilerara joaten animatu ditu.