Lazkao Txiki omentzeko saio berezia eta liburuxka prestatu dituzte
Hogeita bost urte bete ziren, apirilaren 3an, Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria (Lazkao, 1926–1993) hil zela. Mende laurdena igarota, gogoan dute oraindik Lazkaon, Goierriko inguruko herrietan eta bertso munduan. Utzitako mirespenek, maitasunek eta gorespenek larunbatean bat egingo dute, Lazkao Txikiren jaiotetxe Abalin baserrian, Lazkaomendin.
Bertso eta musika saio berezia antolatu dute Lazkaoko Gerriko elkarteak, udalak eta Lazkao Txiki Musika Eskolak, larunbaterako. 11:00etan Lartxai elkarte aurrean elkartuko dira Lazkaotik, Zaldibiatik eta inguruko herrietatik igotako bisitariak. 11:30ean, Abalin baserria irekiko dute sendikoek. Lazkao Txikiren etxea, logela, sehaska, liburutegia eta gauzak ikusi ahalko dira.
Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Abalin atarian. Felipe Barandiaran ilobak egingo die agurra bisitariei. Euxebio Igartzabal, Mikel Mendizabal eta Millan Telleria bat-batean ariko dira gero. Xabier Amurizak bertso sorta bat prestatu du, eta huraxe kantatuko du. Zaldibiako guraso eta haur talde bat ere batuko zaio festari, ‘Egunsentiari’ eta ‘Ispiluari’ bertsoak kantatuz. Azkenik, Eñaut eta Unai Agirre anaiek aukeratutako Iztuetaren bertso batzuk abestuko dituzte.
Lazkao Txiki Musika eskolako ikasleak ariko dira, kantuz eta musikaz. Ataungo txalapartariak ere izango dira.
Lazkaotxikikeriak liburuxka
Bestetik, San Benito ikastolan iaz LH4 maila egin zuten ikasleek Lazkaotxikikeriak liburuxka egin dute, eta Gerrikok argitaratu du. Lau geletako bakoitzak ipuin bana idatzi zuen Lazkao Txikiri buruz. Ainara Azpiazu ilustratzaileak marrazkiak egin, ikasleek margotu, eta ipuin bat argitaratu dute. Gaur aurkeztu dute gelako 22 ikasleek, Lazkao Txiki Zelaiko eskulturaren aurrean. Denera, 85 ikasle aritu dira idazle lanean.
Lazkao Txiki ezagutu gabeak, haren “mitoa” gerturatzea, eta pertsona bezala nahiz euskararen eta kulturaren alde zeuzkan balioak transmititzea da helburua. Ipuina, Abalinen bertan erosi ahalko da (euro 1), larunbatean.
[Argazkiak eta bideoa: Aimar Maiz]