Telleria enpresa Urretxura joatea ahalbidetzen duen hirigintza hitzarmena onartu dute
Urretxuko Udalak Irimo-Ipeñarrieta hirigintza antolamendu hitzarmena onartu du osoko bilkuran. Alderdi guztiak alde agertu dira. Hitzarmen honek Telleria enpresa Zumarragako Argixao industrialdetik Urretxura joatea ahalbidetzen du. Telleria Irimo enpresa zegoen
Urretxuko Udalak Irimo-Ipeñarrieta hirigintza antolamendu hitzarmena onartu du osoko bilkuran. Alderdi guztiak alde agertu dira. Hitzarmen honek Telleria enpresa Zumarragako Argixao industrialdetik Urretxura joatea ahalbidetzen du.
Telleria Irimo enpresa zegoen tokira joango da. Erreminta enpresa ospetsu hau 2001ean itxi zen eta ordutik inguru hura degradatu egin da. Bertan hipermerkatu bat ireki behar zela aipatu zen, baina merkatariak aurka azaldu ziren eta egitasmoa ez zen aurrera atera.
Orain, Telleriak lursaila erosiko du, garbitu egingo du, eraikinak botako ditu eta pabiloi berriak eraikiko ditu.Enpresa honek piezak mekanizatzen ditu eta hidroelektriko eta aeronautika alorretarako piezak egiten ditu. 40 langile inguru ditu.
Enpresa pabiloi ezberdinetan sakabanatua dago eta bere instalazioak bateratu nahi ditu. Irimoren lursaila egokia iruditu zaio. Terreno honen jabea banku bat da eta udalak bitartekari lanak egin ditu.
Udalak eta enpresak sinatu duten hitzarmenaren arabera, Telleriak sei hilabete ditu lursaila erosteko. Udalak Plan Orokorra onartu ondoren, bost urte izango ditu enpresa bertara eramateko. Enpresa bertara eramango ez balute, udalak lursaila prezio berean erosi ahal izango luke.
Jon Luqui alkatea oso gustura azaldu zen osoko bilkuran. «Legealdi honetako gai garrantzitsuenetako bat da. Oso gogor lan egin dugu aurrera ateratzeko. Telleriak Urretxura etortzearen aldeko apustua egin du eta horretarako abandonatuta zegoen lursail bat erosiko du».
Unea aproposa dela gehitu zuen. «Une egokia da, Plan Orokorra garatu behar baitugu. Gainera, udalak 9.000 metro koadroko lursaila du ondoan eta operazio honek lursail horri balio handiagoa ematea espero dugu. Telleriak udalaren laguntza teknikoa jasoko du», amaitu zuen.