Ipeñarrieta , Goierriko talaiako jauregia
Ez dago nolanahiko lekuan Ipeñarrieta jauregia. Urretxuko Mendieta auzoan, Santa Barbara baselizatik hurrean eta Irimo mendiaren bizkarrean. 1605ean Cristobal Ipeñarrietak eraiki zuen. Gaztelako ...
Ez dago nolanahiko lekuan Ipeñarrieta jauregia. Urretxuko Mendieta auzoan, Santa Barbara baselizatik hurrean eta Irimo mendiaren bizkarrean. 1605ean Cristobal Ipeñarrietak eraiki zuen. Gaztelako errege Felipe III.aren idazkaria zen, itzal eta botere handiko politikaria. Burdinoletan oparoa zen Legazpiko harana menperatzen du jauregiak sartaldera, eta Areriako alkatetza nagusiaren muin zen Alegia auzoaino sortaldera. Talaiatik noraino, urruti haietatixe ikusten da jauregia bera, agintari eta galai.
Etxearen urteen erdietan baino gehiagoan Izagirre familiak zaindu du jauregia. «Nire aitaren birraitona hemen jaio zen. Gure abizena hemen 250 urtean edo gehiagoan dago. Erregearen idazkariak egin, erregea ere pasatu omen zen, eta jauregia inor bizi gabe egongo zen denbora batean, utzita. Gero, gure familia sartu zen», dio Inazio Izagirrek (Ipeñarrieta, 1938).
Ipeñarrieta bezala, gaur egun Urretxuko udaletxe den jauregia ere Cristobal Ipeñarrietak eraikiarazi zuen. «Baita Baroikua ere, Laborala dagoena. Zumarragan Aitzabaso eta Aranburualde ere nagusi berarenak ziren».
Errenteroak ziren Izagirretarrak, 1956an jabetzan erosi zuten arte. Urtean bi alditan ordaintzen zioten jabeari errenta. «Udan Azkoitian egoten zen. Guk ezagutu genuena arkitekto bat zen, baina Carmen Alonso emazteagandik zetorkion hau. Sanjoanetan oilandak, oilaskoak eta baba eramaten genien; Gabonetan, berriz, Santomasetan Donostiara kapoiak. Dirua ere bai».
Oin koadratukoa, harlandu onez egina da. «Zenbat harri daukan honek tolestatuta!», liluratzen da oraindik Izagirre: «Harri hau dena hona ekarri zuten bada, Urretxuko kaletik gora, kaminorik ez eta. Galtzada beldurgarria zen hor».
Hareharri gogorrez egina da jauregia. Ipeñarrietatarren armarri bikoitza, aldiz, Carrarako marmol zuriz. Udaletxearen etxaurrean ere halako bi daude. Soli Deo honor et gloria inskripzioa du latinez (‘Ohorea eta loria Jainkoari bakarrik’).
«Pasiotarren eliza egiten ibili zen hargina, Igeldoko aitona bat, ekarri genuen, armarria erori zitzaigun eta ipintzera. ‘Hau ez da hemengo harria, nik hemengo gehientsuenak pasa ditut eskuetan’, esan zigun». Angel Cruz Jakak idatzi zuenez, jauregia egiteko harria Gabiriatik eraman zuten.
Baserritarako deserosoa
Etxearen beheko solairuko hormak 1,10 metro lodi dira; oinarrian gehiago, eta goikoan 95 zentimetro. Sabai altuko gelak ditu, areto handiak. Erdiko dorrearen parean hutsunea du, goitik behera. Eskailera-mailak, lau-bat metro altuko harrizko zutabe borobilak, leihoen markoak… denak pieza bakarreko harriz eginak dira.
Ipeñarrietan egin du bizialdi guztia Inazio Izagirrek, nekazaritzan. Jauregia, ordea, ez zen baserri izateko egina, eta sumatu du ederki hori. «Baserritarako aldrebesa da, nekosoa. Ate nagusia bakarrik zeukan, eta belarrak bizkarka igo behar izaten genituen ganbarara».
Jauregiaren atzean dagoen Ipeñarrietatxiki baserriari eskerrak. Gerra aurretik erosi zuten, eta «jornada» sartzeko egokiagoa zen. Behiak jauregian eduki izan dituzte, hala ere. Atzeko atea zulatu eta mandio-zubia eraiki zutenean, «zerua ireki» zitzaien.
Probalekuetan ere ospetsuak dira Izagirretarrak. Idiekin ibiltzen dira, «hobby bezala, urtean 10-12 bat dematan». Inazio hasi zen, Asier semeak lagunduta, etxera lehenengo traktorea ekarri zutenean. «Pasiotarrei erosi nien».
Soro-lanerako eta probarako, bietan ezin du ondo errenditu idiak, Izagirreren iritziz. «Proban ibiltzen den idia bizi erabili behar izaten da, eta golderako-eta hori txarra da; han bere martxan ibili behar du».
Manta ugari irabazi dituzte azken 40-45 urtean. Maite ditu Inaziok idiak, eta mimo guztiz zaintzen ditu. Itularik gabe kasu egiten diote, agindu hutsez. Ander eta Joanes bilobak (16 eta 14 urte) dituzte orain laguntzaile Inaziok eta Asierrek. Mutikoei «gehiegi» gustatzen zaie idien mundua, aitonaren esanetan.
Plazan besteei lana eragin aurretik, bera galanki egindakoa da Inazio. Korrikalaria izan zen, 18 bat urterekin. Lasarteko krosa hiru aldiz korritu zuen, azkenekoan (1958) Emil Zatopek txekiar mitikoarekin batera. «Antonio San Vicente etorri zitzaidan bila, etxera. Kopa batzuk ekarri nituen krosetatik. Soldadu 59 kilorekin joan nintzen, Sidi Ifnira». Geroztik, tailaiko jauregian bizi da, errege.
Ipeñarrieta ala Ipiñarrieta? Jatorrizko hitza ‘Ipenarrieta’ da
Jauregiaren izena bi modutara erabili ohi da, gaur egun: Ipiñarrieta eta Ipeñarrieta. Jose Luis Ugarte ikertzaile legazpiarrak bildutako datuen arabera, ordea, jatorrizko forma Ipenarrieta da. 1463an dago lehen aldiz dokumentatuta, eta XIX. mendera arte ‘Ipenarrieta’ edo ‘Ypenarrieta’ formak ageri dira dokumentuetan.
Izenean, litekeena da ‘ipini’ aditza izatea ‘harri’-rekin izena osatzen duena. Euskara zaharrean, ‘ipeni’ baitzen. e>i bokala aldatzerakoan, i sudurkaria busti egin da.
Bestetik, Ipeñarrieta dagoen auzoa Mendieta deitzen da. Gaur egun, oso gutxik erabiltzen dute, Santa Barbara ermita-izena gailendu baita.