Minbiziaren aurkako elkarteak diru bilketa egingo du Ordizian
AECC Minbiziaren aurkako elkarteak urteroko diru bilketa egingo du larunbat honetan, Ordiziako kaleetan. Bilketa horren garrantziaz ohartarazi du Gipuzkoako elkarteak, jasotako diru horrek “eskualdeko pazienteei eta haien familiakoei doan ematen zaizkien zerbitzuak ordaintzen laguntzeko” balio baitu. Goizean zehar (10:00-14:00) herriguneko hiru puntutan egongo dira: Plaza Nagusian bi mahai jarriko dituzte, eta hirugarrena Andres Urdanetaren estatuaren ondoan.
Maria Dolores Aranburu ordiziarra AECC Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko boluntarioa eta diru bilketaren antolatzaileetako bat da. Bilketa “egun jendetsuetan” egiten dutela azaldu du, “Euskal Jaietan edo azoka egun berezietan” batez ere. Asteburuan, Erdi Aroko azoka dela kontuan izanda, “gure ahaleginaren emaitza are hobeagoa” izatea espero dutela dio, “jendearen elkartasunari esker”, beti ere.