Zaintzarako produktu berritzaileak proposatu dituzte Urretxun
Ane de la Brena bilbotarrak zaintza eta menpekotasun arloetarako lau produktu berritzaileen proposamenak aurkeztu zituen atzo Urretxuko Sortzen enpresa haztegian. Goierri garaiko Uggasa garapen agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, urteak
Ane de la Brena bilbotarrak zaintza eta menpekotasun arloetarako lau produktu berritzaileen proposamenak aurkeztu zituen atzo Urretxuko Sortzen enpresa haztegian.
Goierri garaiko Uggasa garapen agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, urteak daramatza arlo biomedikoa eta soziosanitarioa bultzatzen. Egitasmo honen izena ONbideratu da eta bere helburua aipatutako bi arlo horietan ekintzailetza bultzatzea eta proiektuak garatzea da.
Proiektu horietako bat Bioekin da. Uggasak eta Mondragon Unibertsitateak bultzatu dute eta Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko ingeniaritza ikasleek parte hartu dute. Guztien buru, Ane de la Brena bilbotarra.
Gazte honek, beste ikasle batzuren laguntzarekin, zaintza eta menpekotasun arloetarako lau produktu berritzaile proposatu ditu. Nomi izenekoak eskumuturrekoa, robota eta aplikazioa ditu. Menpekotasuna duen pertsona eta zaintzailea une oro komunikatuta egoteko balio du.
Beti Check, berriz, partxe bat da. Honek ere menpekotasuna duen pertsonaren mugimenduak detektatzen ditu. Ferst izenekoari dagokionez, gaixoa toki batetik bestera eramateko balio du. Bukatzeko, Re-Act-Hub errehabilitazio zentro berezi bat da. Bertan, ariketa fisiko eta kognitiboak egitea proposatu du, medikuaren jarraipenarekin.
Lau produktu hauek atzo aurkeztu zituen, Sortzen enpresa haztegian. Garikoitz Agote Aldundiko Ekonomia Sustapenerako zuzendariak, Koldobike Olabide Uggasako lehendakariak, Itziar Salaberria Uggasako kudeatzaileak, Mondragon Unibertsitateko Maite Anayak eta Gogoa Mobility Robots enpresako Carlos Fernandezek ere parte hartu zuten.
Salaberriak Bioekin proiektuari buruz hitz egin zuen, Anayak berrikuntza izan zuen hizpide eta Fernandezek ekintzailetzari buruz hitz egin zuen. Bere enpresak exoeskeletoak egiten ditu eta dagoeneko gutxi batzuk saldu ditu. Orain, Amerikako Estatu Batuetan sartzeko lan egiten ari dira. Bukatzeko, Agotek Aldundia arlo soziosanitarioan egiten ari den lana aurkeztu zuen.