Euskal Jaia eta karrozak
Karrozen ibilaldia izaten da Santa Anastasia jaietako ekitaldirik nagusiena. Urretxuarrak errepide bazterrean biltzen dira herria zeharkatzen duen desfilea ikusteko. Kuadrillek egindako ...
Karrozen ibilaldia izaten da Santa Anastasia jaietako ekitaldirik nagusiena. Urretxuarrak errepide bazterrean biltzen dira herria zeharkatzen duen desfilea ikusteko. Kuadrillek egindako karrozek eta musikariek eta dantzariek osatzen dute desfilea. Aurtengoan, azken orduko aldaketengatik, bederatzi karroza irtengo dira Azpeitiko zanpantzarren, Tolosako eta Urretxuko dultzaineroen, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako erraldoien, txistularien, trikitilarien eta Lurra, Irrintzi eta Larraiza dantza taldeen laguntzarekin.
Desfileko parte–hartzaileak 12:30etan elkartuko dira Gernikako Arbola plazan. Bertan, 11:00etatik aurrera, artisauen erakusketa eta azoka izango da, baita herriko musikarien emanaldiak ere. Amaitzean, guztiek elkarrekin Ederrena frontoian bazkalduko dute, eta 17:30ean ekingo diote desfileari: Itsasi zanpantzarrek zabalduko dute bidea. Haien atzetik, dultzaineroen erritmora, erraldoiak dantzan ibiliko dira, eta, jarraian, Lizarriturri txistulariak. Gainonerako musikari eta dantzariekin tartekatuta, 00RP, Urretxu-Zumarraga Ikastola, NEE, Aedb/Texe, Orain Presoak, Batek Daki, Bota Piñue eta Eyak Jodiu kuadrillen karrozak irtengo dira. Jorratu dituzten gaiak askotarikoak dira: kutsadura, adierazpen askatasuna, hezkuntza-sistema, berdintasuna, indarkeria matxista…
Karroza herrikoia
Auzolanean egindako bederatzigarren karroza bat ere izango da aurten. Irailaren 4an Euskal Jaiko karrozek jasandako eraso faxistari emandako erantzuna da azken orduko karroza hori egitea. Astelehenetik astearterako gauean ezezagun batzuk Bengoleako eraikinera sartu eta pintada faxistak, kalte materialak eta lapurretak egin zituzten. Erasoaren aurrean, herriko gazteak antolatu egin dira, eta hainbat ekintza prestatu.
Faxismoa, sexismoa, homofobia… jolasa ez direla eta amaitu egin behar direla plazaratu nahi dute, eta jai antifaxistak, parekideak eta parte-hartzaileak aldarrikatu. Lanean Urretxu-Zumarragako gazte ugari ibili dira, eta nahi duen orori karrozaren atzetik joateko deia egin diote. Gernikako Arbola plazara herriko gazte guztiak batera sartzea da asmoa, erasotuekiko elkartasuna erakutsi eta faxisten aurrean tinko agertzeko.
Jaietako egitaraua
- 17:00: Txupinazo aurreko ekintza sorta 12-15 urte bitartekoentzat. Patata tortilla lehiaketa eta afaria. Iparragirre plazan eta Gazte Bidean.
- 18:00: Erraldoi kontzentrazioa, Mundo Mejor, San Martin eta Pagoeta auzoetan.
- 19:00: Buruhandiak eta erraldoiak kalez kale, Mundo Mejor, San Martin eta Pagoetatik aterata.
- 19:30-22:00: Urolatarrak txarangak kaleak girotuko ditu.
- 19:30: Iparragirre-Balerdi musika tailerraren eta Lizarriturri txistulari taldearen kalejira.
- 20:15: Goierri KE eta Mondragon Unibertsitatea taldeen EBA ligako saskibaloi partida, Aldiri kiroldegian.
- 20:30: Txupinazoa eta pregoia, Iparragirre plazan. Pregoilaria:Lekaio Artisau Taldea.
- Ondoren: Urolatarrak txaranga kaleak alaitzen ibiliko da.
- 23:00: VI. Hip-hop jaialdia, Gernikako Arbola plazan: Agresion Verbal, Throw Rap, Artilleria Pesada eta Ghetto Skillz.
Irailak 22, larunbata
- 09:30: Urretxuko baserrietako abelgorrien erakusketa eta lehiaketa, Abenida Berrian.
- 09:30: Urretxuko X. Azoka Ekologikoa, Abenida Berrian.
- Goizean zehar: Sekundino Esnaola musika eskolako trikitilariak kaleak girotzen ibiliko dira.
- 12:00: Zezentxoak, San Martin auzoko plazatxoan.
- 12:00: Zumarraga-Urretxuko bertso eskolako bertsolarien saioa, Abenidan.
- 12:30: Abelgorri Lehiaketaren sari banaketa.
- 13:15: Tio Teronen Semeak taldearen Festamentua ikuskizuna, Gernikako Arbola plazan.
- 16:00: Goierri K.E. xake txapelketa. Areizaga-Kalebarren plazan.
- 17:00: 42. Gastronomia lehiaketa Gernikako Arbola plazako luzapenean. Jangaia: Txipiroiak bere tintan.
- 18:00: Txiki-chef sukaldari tailerrak, Gernikako Arbola plazan.
- 18:00: XVI. Urretxu-Zumarragako idi proba txapelketa, San Martin-Barrenkaleko probalekuan. Partaideak: Asier Izagirre, Patxi Aranberri eta Borja Soraluze.
- 19:00: Txistularien kalejira.
- 19:30: Urretxuko Txistulari Taldearen alardea, Iparragirre plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Aldiri kiroldegian izango da.
- 21:00: Gastronomia lehiaketaren sari banaketa, Gernikako Arbola plazako karpan.
- 00:15: Doctor Deseo taldea Gernikako Arbola plazan.
Irailak 23, igandea, Euskal Jaia:
- 10:00: Lizarriturri txistulari taldearen, Zumarragako Trikitixaren eta Iratzarri Dultzainarien diana herriko kaleetan.
- 11:00: Artisauen erakusketaren hasiera, Gernikako Arbola plazan.
- 12:00-14:00: Euskal jaialdia Gernikako Arbola plazan: Zumarragako trikitixa, Aierbetarren trikitixa, Zumarraga eta Urretxuko Bertso Eskola, Secundino Esnaola Musika Eskolako metalak eta trikitilariak, erraldoiak eta dultzaineroak…
- 12:00: Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako erraldoien konpartsak Aldiri kiroldegian elkartuko dira. Ondoren, kalejira egingo dute.
- 12:30: Meza Nagusia Tourseko San Martin elizan.
- 13:00: Kantu saioa Iparragirre kalean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin.
- 14:00: Euskal Jaiaren partaide guztien arteko herri bazkaria Ederrena pilotalekuan.
- 17:30: Karrozen ibilaldia Mugitegi industrialdetik abiatuta. 18 kuadrillen karrozek ondorengo musika taldeekin parte hartuko dute: Azpeitiko Itsasi zanpantzar taldea, Tolosako eta Urretxuko Iratzarri dultzaineroak, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako erraldoiak eta Urretxuko Lizarriturri txistulari taldea.
- 19:00: Zuhaitzaren Soinua Kolektiboaren txalaparta saioa Gernikako Arbola plazan.
- 19:15: Karrozak Gernikako Arbola plazan sartzen hasiko dira.Denak iritsitakoan, epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da.
- 23:30: Euskararen aldeko kandela piztea Gernikako Arbolaren plazan.
- 00:00: Bedaioko Ingurutxoa dantza herrikoia, Gernikako Arbola plazan.
- 00:30: Gozategi taldearekin erromeria, Gernikako Arbola plazan.
Irailak 24, astelehena, Kuadrillen eguna:
- 11:00-14:00 eta 17:00-20:00: Haurrentzako eta gaztetxoentzako parkea, txu-txu trena, zirkuitua eta puzgarriak Belaustegi plazan. Eguraldi txarra egiten badu ekintzak Aldiri kiroldegian egingo dira.
- 12:00: Moto eta patinete lasterketa Belaustegi plazan.
- 12:00: Zezentxoak eta poniak, San Martin auzoko plazatxoan. Iraunkorra txarangak girotuko du plaza. Iraunkorrak txarangak girotuko du ikuskizuna.
- 12:30: Iraunkorrak txaranga herrian zehar.
- 12:30: Kawadeni dantza afrikarren taldea Gernikako Arbola plazan.
- 14:30: Herri bazkaria Abenidan. Eguraldi txarrarekin Ederrena pilotalekuan eta Gernikako Arbola plazako luzapenean.
- 17:30: Kuadrillen arteko sokatira txapelketa. Gernikako Arbola plazan. Sokatirarako partaideen pisaketa eta izen ematea 12:30ean izango da.
- Arratsaldean: Ehunzango batukada taldea eta Iraunkorrak txaranga kaleak girotzen ibiliko dira.
- 20:00: Iparragirre Balerdi musika tailerreko bandarekin dantzaldia. Gernikako Arbolaren plazan.
- 21:30: Kantu afaria. Gernikako Arbola plazan. Adin guztietako jendea elkartu, ogitartekoak janez, lehengo eta oraingo euskal abestiak abesteko aukera. Hori guztia herriko zenbait musikariren laguntzaz.
Txosnetako egitaraua
Irailak 21, ostirala
- 18:30: Kalabazinaren Igoera, Gaztelekutik, Que Toque El De Alau txarangak lagunduta.
- 21:00: Herriko musika taldeen eta Desorden taldearen kontzertuak.
- 02:30: Ziribulio Sound.
- 05:30: DJ Euk, Gaztetxean.
- 08:30: Gaupaseroen argazkia eta mokadutxoa.
Irailak 22, larunbata
- 17:00: Living Universe, adin guztientzako emanaldia, antzerkia, jolasak, tailerrak…
- 18:30: Jolas zoro musikatuak, Areizaga-Kalebarren plazan.
- 21:00: Jolas zoroen sari banaketa, txosnetan.
- 22:30: Bake Faltsua.
- 00:00: Bellako.
- 01:30: Nogen.
- 03:30: Yogurinha Borova.
Irailak 23, igandea:
- 22:30: Alaiki taldearekin erromeria.
- 02:30: Aiaraldea Sound System.
Irailak 24, astelehena:
- 18:30: Poteo girotua.
- 21:00: Karaokea.
- 23:00: Kilimak runba talde euskalduna.