Urretxuko ondareen artean, preziatuenetako bat Santa Anastasia jaiak dira. Izan ere, festen antolaketan eta ospatzean herritar ia guztiek parte hartzen dute. Jaien izaera herrikoi eta parte hartzaile horren isletako bat
Urretxuko ondareen artean, preziatuenetako bat Santa Anastasia jaiak dira. Izan ere, festen antolaketan eta ospatzean herritar ia guztiek parte hartzen dute. Jaien izaera herrikoi eta parte hartzaile horren isletako bat aurkezpen ekitaldia da: oso jendetsua izaten da, ekitaldi ezberdinak antolatzen dituzten elkarteetako kideek parte hartzen baitute.
Aurtengo aurkezpenean Jon Luqui alkateak, Maialen Fidalgo zinegotziak, Lekaio elkarteko Jose Luis Garmendiak, karrozero taldeko eta Lurra dantza taldeko Oier Fernandezek, erraldoi eta buruhandien konpartsako Josu Otaegik, Gazte Bideaneko Ane Iturbek, herri kirol elkarteko Mikel Elgarrestak, gastronomia lehiaketako Joxe Jauregik, bertso eskolako Mikel Iturriotzek, txistulari taldeko Ibon Garmendiak, saskibaloi taldeko Telmo Igartuak, Goierri elkarteko Luis Mari Perezek eta Iparragirre-Balerdi musika tailerreko Mikel Calderonek parte hartu zuten.
Lekaiori eskerrak
Luquik jaien atzean jende askoren lana dagoela gogoratu zuen. Gehienetan aipatzen ez direnak aipatu zituen adibide gisa: egitarauko azala egin duen Anne Bengoetxea donostiarra eta egitarauan publizitatea egiten duten merkatariak. Euskal Jai eguneko monografikoa antolatzeari utzi dion Lekaio elkarteari eskerrak eman zizkion eta herritarrak gozatzera animatu zituen.
Fidalgok asteburuan Legazpiko gaueko autobus zerbitzua eta larunbatean Bergara-Antzuola-Beasain-Ordizia zerbitzua egongo direla gogoratu zuen. Beasain eta Ordiziara itzuliko diren autobusak 02:55ean eta 05:25ean irtengo dira Zumarragatik.
Berrikuntzei dagokienez, herritarrek ostiralean eta larunbatean berdintasunaren aldeko argazkiak atera ahal izango dituzte Gernikako Arbola plazan. Bestalde, txistularien alardea arratsaldera aurreratu dute.
Lekaio Kultur Elkarteko kideak, 2017ko argazkian.
Pregoia Lekaio taldekoek irakurriko dute eta Garmendiak «ohorea» izango dela esan zuen. Urte hauetan guztietan laguntza eskaini dieten baserritarrei eskerrak eman zizkien eta udaletxeko portaloian lanabes erakusketa ireki dutela gogoratu zuen.
Fernandezek karrozeroen eta Lurra taldearen izenean hitz egin zuen. «Karroza bat gehiago egiten ari gara jasandako erasoari erantzuteko eta eskerrak eman nahi dizkiegu karroza horretan lan egiten ari diren guztiei».
Otaegik Urretxuko erraldoiak ostiral arratsaldean, igande eguerdian eta karroza desfilean aterako direla aipatu zuen. Igandean Oñati eta Bergarako erraldoiekin dantza egingo dute.
Iturbek Gazte Bidean nerabeentzako aisialdi zerbitzuak txosnetan alkohol kontsumo arduratsua bultzatuko duela eta adinekoekin ekintzak egingo dituela iragarri zuen. Elgarrestak, berriz, herri kirol elkarteak idi proba eta kuadrillen arteko sokatira lehiaketa antolatu dituela esan zuen.
Jauregik aurtengo gastronomia lehiaketan txipiroiak prestatuko dituztela aipatu zuen. Bestalde, Kilometroak festan ere gastronomia lehiaketa egingo dutela aurreratu zuen.
Bertsolariak
Iturriotzek abelgorri ferian, txistulari alardean, igande eguerdian eta kandela piztean abestuko dutela esan zuen. Txistulariek, berriz, hiru kalejira egingo dituzte (larunbateko alardea antolatzeaz gain): ostiralean, igande goizean eta karroza desfilean.
Igartuak ostiral arratsaldean partida jokatuko dutela aipatu zuen eta Perezek larunbateko xake txapelketaren eta 30eko mendiko bizikleta trabesiaren berri eman zuen.
Calderonek musika bandaren kalejirak aipatu zituen eta, bukatzeko, Fidalgok txosnetako kontzertuen, hip-hop jaialdiaren eta Doctor Deseo eta Gozategi taldeen kontzertuen berri eman zuen.
EGITARAUA EGUNEZ EGUN: