Anastasiaren hezurrak
Luzaroan Tourseko Martin deuna izan zen Urretxuko zaindaria eta azaroan egiten ziren jai nagusiak. 1674an Santa Anastasiaren erlikiak ekarrarazi zituzten, irailaren 21ean. Efemeride ...
Luzaroan Tourseko Martin deuna izan zen Urretxuko zaindaria eta azaroan egiten ziren jai nagusiak. 1674an Santa Anastasiaren erlikiak ekarrarazi zituzten, irailaren 21ean. Efemeride horrek, gerora, festen data aldatu zuen.
Gaur hasiko dira Urretxuko Santa Anastasia jaiak. Santutegi kristauan begiratuta, ordea, ez da Anastasia santa ageri egunotan eta, agertzen direnak, hiru Anastasia ezberdin dira, egutegian sakabanatuta. Zergatik orduan Santa Anastasia jaiak? Koldo Argandoña Urretxuko agirizainak eman ditu argibideak: «Ez da santu bat ospatzen, efemeride bat baizik». Efemeride hori da, hain zuzen, Santa Anastasia baten –argi ez dago hiruetatik nor– hezurrak, erlikiak alegia, Urretxura ekarri zituzten egunaren bueltan ospatzen direla Urretxuko jaiak. Erlikiak 1674eko irailaren 21-22an iritsi ziren, «urretxuarren debozioa suspertzeko».
Agirizainak emandako datuen arabera, «erlikiak ex-profeso ekarri zituzten Erromatik (Italia) eta Fray Francisco de la Cruz aitaren oparia izan ziren». Nekolalde urretxuar familia boteretsuko kidea, Karmeldar oinutsen Prokuradore-Orokorra zen.
Oparigilearen ordena eta debozioa suspertzeko grina elkartuz gero, erlikiaren etorrera ez zela kasualitatea ondoriozta daiteke. Izan ere, hezurren iritsiera bere garaian kokatuz gero, Europa erdian gailendu zen Martin Luteroren Erreformaren ondorengo Kontraerreformarekin lotu daiteke. Trentoko Kontzilioan (1545-1562) Eliza Katolikoak kristautasunaren benetako oinordetzat hartu zuen bere burua, eta irudi ikonografikoen (eskulturak, pinturak eta bestelakoak) zein erlikien benerazioa aldarrikatu zuen protestantismoak gaitzetsi eta alboratu zituen bitartean. Nolabaiteko berpizkunde hartatik Eliza Katolikoaren barruko hainbat ordena suspertu egin ziren, tartean, Karmelitar oinutsena.
Seguruenik sakonago aztertu beharko litzateke lotura hori behar beste zedarritzeko. Edonola ere, Argandoñak dioenez, «Urretxuko herriak, udala buruan zela, Santa Anastasiaren erlikien iritsierarekin dena eman zuen. Elizan berritze lanak egin zituzten eta udal aurrekontuaren herena baino gehiago gastatu zuten erlikiei ongi etorria egiteko». Iritsiera efemeride bihurtu eta efemeridea jai egun bilakatu zen eta, jai egun hartan, Argandoñak azaldu duenez, «ohitura omen zen erlikia ateratzea urretxuarrek muxu eman ziezaioten». Eta horrenbeste muxu eman zizkioten, ehun urteren buruan hezurra ahitu egin zela, «Santa Anastasiarekiko debozioa hazi baino ez da egin», zioen bikarioak elizari kutxa ireki eta beste hezur bat ateratzeko baimena eskatu zionean, 1775ean.
Debozioaren gorabeheran ospakizuna lanegunean egokituz gero, elizara jende gutxi joaten zela eta, ospakizuna irailaren 21aren osteko lehenengo igandean egitea proposatu zion udalak elizari. Hala, gaur-gaurkoz,festak irailaren hirugarren asteburuaren bueltan ospatzen dira. Urretxukoa santutegi kristauko zein Anastasia den ezin da jakin. Agian, erlikiak parrokian daudenik ere ez dakite askok. Kontuak kontu, gaur santanastasiak hasten direnaren zalantza izpirik ez dago.