«Konpartsa aberatsagoa izanda,festetako giroa bereziagoa izango da»
Ibai Aranburuk (Zumarraga, 1996) eta Josu Otaegik (Zumarraga, 1996) Santa Anastasia jaiak goitik bizi dituzte. Lekaio Kultur Elkartearen erraldoiak dantzan jartzen dituzte, ...
Ibai Aranburuk (Zumarraga, 1996) eta Josu Otaegik (Zumarraga, 1996) Santa Anastasia jaiak goitik bizi dituzte. Lekaio Kultur Elkartearen erraldoiak dantzan jartzen dituzte, eta buruhandiekin festak girotu. Denera, hiru erraldoi eta sei buruhandi gobernatzen dituzte.
Belaunaldia aldaketa izan da Urretxuko erraldoi eta buruhandien konpartsan.
Ibai Aranburu: Azken bi–hiru urteetan ohi baino jende gutxiago ibili da konpartsan. Gutxienez Iparragirreren erraldoia irtetea izaten zen helburua. Orain gazteok hartu dugu ardura, eta konpartsa berriz ere indartzea da asmoa.
Josu Otaegi: Jende heldua uzten joan da, eta erreleboa bilatzea kosta egin da. Baina gu hemen gaude. Gogotsu gaude, eta erraldoiak sarri ateratzeko asmoa dugu.
Nola ikusten dira festak erraldoi baten barrutik?
I.A.: Guretzat ikaragarria da erraldoi eta buruhandiekin irtetea. Hasiberriak ginenean sekulako ilusioarekin egiten genuen korrika umeen atzetik. Orain, erraldoiekin, lasaiago ibiltzen gara, baina ilusioa berbera da.
J.O.: Barrutik dirudiena baino gehiago ikusten da, eta oso polita da haurrak zuri begira begiak zabal-zabalik ikustea.
Banatuta izaten al dituzue pertsonaiak?
J.O.: Gaztetxo kuadrilla bat topatzen dugu buruhandiak eraman ditzaten. Helduagoak arduratzen gara erraldoiekin. Txandatuz joaten gara, baina Iparragirre eramatea berezia da.
Erraz topatzen dira buruhandi izateko gaztetxoak?
I.A.: Hamasei buruhandi irtengo dira gaur, eta horrenbeste gaztetxo topatzea ez da erraza. Normalean gure ingurukoei eskatzen diegu laguntza.
J.O.: Datozen urteetan jarraituko duten gaztetxoak topatzen saiatu gara, konpartsaren dinamikan sartzen has daitezen.
Zuek ere buruhandi izaten hasi zineten?
I.A.: Nire aitaren bitartez hasi ginen gu hamahiru urterekin. Hiruzpalau urtez izan ginen buruhandi, erraldoietara jauzi egin aurretik.
Zer eman dizue erraldoi eta buruhandien konpartsak?
J.O.: Erraldoiek eta buruhandiek jartzen duten giroa berezia izaten da. Konpartsa aberatsagoa izanda, festetako giroa bereziagoa izango da.