Ikasturte berrirako ekintza eta ikastaro programa aurkeztu dute Zuhaizti zentroan. 'Aktibatu Zaitez!' egitasmoaren barruan, jubilatuek gorputza eta burua aktibo mantendu ahalko dute
Ordiziako Zuhaizti jubilatuen zentroak ikasturte berrirako ekintza eta ikastaro eskaintza prest du.
Aktibatu zaitez! egitasmoaren barruan antolatutako ekintzak dira. Egitasmo horrek geldi egon nahi ez duten jubilatuei bizimodu aktiboa eta parte hartzailea eta harremanak lantzeko aukera ematen die. Aldi berean, jubilatuek osasuna eta ongizate pertsonala hobetu dezakete, denbora librea aprobetxatuz. Atzo aurkeztu zuten egitaraua, Zuhaizti zentroan.
Parte hartzeko eta elkarrekin egoteko gunea eskaintzen die jubilatu eta pentsiodunei Zuhaizti zentroak. Rakel Bravo Zuhaiztiko lehendakariak adierazi zuenez, «Zuhaizti kartetara jokatzera etortzeko tokia baino zerbait gehiago da. Aktibo mantentzentzeko egitarau oparoa dugu ikasturte osorako», horregatik, «jubilatu berri dauden eta jubilatuta denbora daramaten eta etxean dauden pertsona guztiak bertaratu eta dagoen eskaintzaren inguruan informazioa eskatzera animatu» zituen.
Eskaintza zabala
Kristina Altuna teknikariak argitu zuenez, «pertsona guztien beharretara egokitutako eskaintza dago: abesbatza, eskulanak, informatika, ariketa egiteko ikastaro desberdinak, euskara, erlaxazioa eta adimena lantzekoa, besteak beste».
Ohiko eskaintzaz gain, ikasturte berrirako ikastaro berri bat jarriko dute abian.
Sasoi betean du izena eta ariketa fisiko arina egiteko izango da. Urtarrilean ekingo badiote ere, dagoeneko izena ematea posible da.
Bestalde, dagoen eskaintzaren inguruan informazioa jaso edota ikastaroren batean izena eman nahi duenak, Zuhaizti zentrotik pasa beharko du.