'Aralar, mundua leku den lurra' dokumentalaren trailerra
Landarlan Ingurumen Elkarteak eta ON Produkzioak etxeak Aralar, mundua leku den lurra dokumentala osatu dute, bertako “ondare natural eta kulturala bere osotasunean” ezagutarazteko asmoz. Orain arte Enirio-Aralar parke naturalari buruz egin den “lanik ikusgarri eta osoena” dela azaldu dute egileek, gaur Donostian egin duten aurkezpen ekitaldian. Proiektua “Aralar mendia gizartera gerturatzeko leiho bat” izatea nahi dute, “ikusleak bertako haran, baso, gaindegi, larre, barrunbe, osin eta haitzarteetan ezkutaturiko altxorrak” ezagutzeko gonbidapen bat.
Aralarko irudi ikusgarriak jaso dituzte ikus-entzunezkoan, baina baita hainbat adituren azalpen teknikoak ere. Hala, Aralarren geologia eta ura, fauna eta flora, historiaurrea eta historia hurbila izango dituzte hizpide. Pello Ramirez musikari ordiziarrak egin du soinu banda. Zuzendari taldea berriz, Iban Toledo, Garazi Auzmendi, Ion Fontenla eta Aloña Jauregi goierritarrek osatu dute.
Estreinaldia, urriaren 18an
Dokumentala gaur aurkeztu badute ere, estreinaldia urriaren 18an izango da, Donostiako Principe aretoan. Hurrengo egun eta asteetan, beste hainbat zine aretotara zabalduko dute; besteak beste, Beasain, Ordizia, Zumarraga, Tolosa, Tolosa, Bilbo eta Hazparneko zinemetan ikusi ahal izango da.