Goierri garaiko jabekuntza eskolak sei tailer antolatu ditu udazkenerako
Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun sailak jabekuntza eskolaren tailerrak eta Emakumeen Etxea izango denaren eremua aurkeztu ditu. Sei tailer emango dituzte, Emakumeen Etxearen kanpoko eraikinean. Berdintasun batzordeko kideek bizilagunak etxearen edukia
Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun sailak jabekuntza eskolaren tailerrak eta Emakumeen Etxea izango denaren eremua aurkeztu ditu. Sei tailer emango dituzte, Emakumeen Etxearen kanpoko eraikinean. Berdintasun batzordeko kideek bizilagunak etxearen edukia zehazteko prozesuan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Jabekuntza eskola 2012an jarri zen abian, emakumeen bizitza hobetzeko, beraien ahalduntze pertsonala, kolektiboa, soziala eta politikoa lortzeko eta eskualdean duten eragina eta partaidetza soziopolitikoa handitzeko. Ordutik, talde lana bultzatu du, ikusmolde feministatik.
Eskolak ekintza ezberdinak antolatzen ditu, emakume guztien beharrak asetzeko. Egun, lau talde daude: emakume zaintzaileen taldea, emakume musulmanen alfabetatzen taldea, norbere burua maitatzen ikasteko taldea eta emakume musulmanen ahalduntze taldea.
Gainera, sei ikastaro antolatu dira hurrengo hilabeteetarako. Wi Gong (Txi Kun) ikastaroa urrian hasi eta maiatzean amaituko da. Medikuntza txinatarrean oinarritzen den lan fisiko eta energetikoa da. Norberaren gorputzarekiko jabetasuna eta jakintasuna berreskuratzeko ariketa errazak dira. Ariketa hauek adin guztietako emakumeentzat egokiak dira.
Zaintzaileentzako zertifikazio ikastaroa ere urrian hasiko da. Etxez etxeko laguntzaile titulua lortzeko ikastaro hau Gurutze Gorriak emango du eta parte hartzaileek Lanbideren diru laguntza jasoko dute.
Urteroko moduan, autodefentsa feminista tailerra ere egongo da. Urriaren 27an oinarrizko saio bat emango dute. Azaroaren 17an bigarren bat emango dute, lehenengo saioan eta aurreko urteetakoetan parte hartu dutenentzat.
Azaroaren 19an, berriz, Virginia Imazek umore tailerra emango du. Bestalde, azaroaren 27an musika kritikoari buruzko tailer trinko bat egongo da. Saioa aurreko urteetan rap tailerra gidatu duen La Furiak gidatuko du. Datorren urtean musika kritikoko laborategia sortu behar dute eta ikastaro hau horren atarikoa da.
Jakitun programa
Bukatzeko, Goierri garaiko emakumeek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jakitun programan parte hartzeko aukera ere badute. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako oinarrizko formazioa eskaintzen duen esperientzia pilotua da. 18 orduko iraupena du, bederatzi saiotan banatuta. Asteazkenetan izango dira: urriaren 3tik abenduaren 12ra.
Jabekuntza eskolako taldeetan eta tailerretan parte hartzeko 943 72 56 42 telefono zenbakira deitu behar da edo jabekuntzaeskola@gmail.com helbide elektronikora idatzi. Informazio gehiago lortzeko Berdintasun sailaren berdintasuna-urolagaraia.blogspot.com.es webgunea bisita daiteke edo Berdintasuna Urola Garaia Facebook-era jo.
Ikastaroen aurkezpenean Berdintasun batzordeko Koldobike Olabide, Arantxa Gonzalez, Maialen Fidalgo, Unai Orbegozo, Joxi Etxezarreta eta Javier Iraetak parte hartu zuten. Antxiñe Biain bakarrik falta zen, lanean zegoelako.