Mendiburu eta Olano omenduko dituzte aurten Marino Lejarreta Klasikoan
Marino Lejarreta Klasikoaren 4. edizioa egingo dute urriaren 7an, Ordizian, Txapel Gorri elkarteak antolatuta. Aurten, Ramon Mendiburu eta Abraham Olano txirrindulari ohiak eta EiTB izango dira omenduak. Aurten gainera, parte-hartze marka guztiak hautsiko ditu probak; guztira, 455 txirrindulari etorriko dira, 91 taldetan banatuta. Antolatzaileek, parte hartuko duen emakume kopurua ere azpimarratu nahi izan dute; izan ere, emakumezko txirrindulariz osatutako 9 talde ariko dira (iaz 5 izan ziren), eta talde mixtoetan ere ariko dira emakume gehiago.
Probak belaunaldi ezberdinetako txirrindulari ezagun ugari elkartuko ditu aurten ere. Marino Lejarretaz eta Abraham Olano omenduaz gain, Arsenio Gonzalez, Igor Astarloa, Pavel Tonkov, Ezequiel Mosquera, Jose María Ahedo, Roberto Laiseka, Jokin Mujika eta Aitor Osa ere ariko dira, besteak beste. Baita Mikel Gaztañaga, Aitor Perez Arrieta, Zugaitz Ayuso eta Garikoitz Bravo goierritarrak ere.
Ibilbideari dagokionean, 31,7 kilometroko erlojupekoa izango da. Taldeak Ordiziako Gudarien etorbidetik abiatuko dira, 09:45ean abiatuta, bi minutuko tartearekin. Helmugan berriz, 10:30etik aurrera espero dute lehen taldea.