Arkitektura, etxeko gauzekin
Umetan Lego eta Tente bezalako arkitektura jolasekin jolastu izan dugu denok, baina helduaroan ez gara horretan ausartzen: arkitektura arkitektoen kontua da. Iñaki Mariñelarena artista zumarragarraren ustez, ordea, eraikin bat diseinatzeko
Umetan Lego eta Tente bezalako arkitektura jolasekin jolastu izan dugu denok, baina helduaroan ez gara horretan ausartzen: arkitektura arkitektoen kontua da. Iñaki Mariñelarena artista zumarragarraren ustez, ordea, eraikin bat diseinatzeko ez da titulurik behar. Hala, arkitektura erakusketa ireki du Zelai Arizti kultur etxean. Igandera arte egongo da zabalik.
Mariñelarena margolaria da, baina oraingoan arkitektura ere egin du. «Hanka bat hautsi nuen eta bi hilabete eman behar izan nituen etxean. Ez nuen denbora alperrik galdu nahi eta, besteak beste, maketak egin nituen. Aspalditik nuen maketak egiteko gogoa, baina ez nuen inoiz tarterik hartzen. Denbora-pasa ona izan zen. Maketa bakoitzarekin margotzen baino askoz ere denbora gehiago erabili nuen».
Diseinu originalak
Etxean zituen gauzak erabili zituen. «Maketak egiteko erabili ohi diren materialak erabili beharrean, eguneroko objektuak erabili nituen. Horrek ez zuen nire lana mugatu. Guztiz kontrakoa: arkitekturan erabiltzen ez diren formak lortu nituen, diseinu originalak egiten lagundu zidan eta sormena lantzera bultzatu ninduen».
Mariñelarena ez da arkitektoa, baina eraikin bat diseinatzeko ez dela titulurik behar uste du. «Arkitektura diziplina artistiko bat da, pintura, eskultura, argazkigintza… bezala. Alde bakarra dago: itxuraz arkitektoen esparrua da eta eraikin bat diseinatzeko unibertsitateko titulua behar da. Baina diseinatzea eta eraikitzea ez da gauza bera. Eraikin bat edonork diseina ditzake, hobeto edo okerrago. Eraikitzeko ardura ez baduzu, diseinatzeko orduan askoz ere askatasun handiagoa duzu. Arkitektoak oso mugatuta daude: eraikinek erabilera bat izan behar dute, eraikuntza araudia bete behar dute… Gainera, aurrekontua errespetatu behar dute», aipatu du.
Horrek guztiak sormena mugatzen duela dio. «Arkitekto gehienek leihodun zapata kaxak egiten dituzte. Inor ez mintzea espero dut, baina ezin dira artistatzat hartu. Gutxi batzuek, ordea, helburu artistikoagoa duten eraikin bereziak egiten dituzte. Erakundeen edo partikularren enkarguak izaten dira eta merkatuak baina askatasun handiagoa ematen diete».
Berak askatasun osoz lan egin du. «Maketa hauek esperimentuak dira. Arkitektura berezi eta sortzailea. Ez nau kezkatzen errealistak edo egingarriak diren. Helburua ikuslea harritzea da. Horretarako, kalean aurkituko ez dituen eraikinak egin ditut. Kalean ikusiko balitu nola erantzungo lukeen pentsatzea nahi dut. Hiri txiki bat prestatu dut. Eliza, liburutegia, merkataritza-gunea, dantzalekua… ditu».