Ederfil Becker kooperatibako Legorretako lantegian, Euskararekin bat.
Ederfil Becker Kooperatibako langileek “Euskaraldia ekimenari ekarpena” egin nahi izan diote, “Euskaraldia lantokira” ekarriz. Hala, joan den ostiralean hasi eta urriaren 5era arte, “Euskaraldi txiki bat” egiten ari dira, Alegian eta Legorretan dituzten lantegietan. Guztira, 125 langilek eman dute izena, eta Ahobizi nahiz Belarriprest roletan jardungo dute, txanda bakoitzeko bosna egunez. Horietatik 99 Ahobizi izango dira, eta gainontzeko 26ak Belarriprest.
Ederfil Becker-eko Euskara Batzordeak bultzatu du kanpaina. Maiatzean hasi ziren Euskaraldia prestatzen, eta 14 lankidek parte hartu dute dinamikaren inguruan antolatutako formazio saioetan. Kide horiek, eragile gisa aritu dira gero, langileen artean “dinamikaren zabalkundea” egiten. Orain arteko esperientzia “oso positiboa” izaten ari dela azaldu dute batzordetik, “hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela” ikusten ari direlako. Lankideen artean “euskarazko elkarrizketa gehiago” entzuten direla diote, eta lantoki nahiz bulegoetan “euskaraz lan egiteko aukera bermatzen” ari dela.
Alegiako lantegian ere bat egin dute Euskaraldiarekin.