Kilometroak hartzeko prest dira Urretxu eta Zumarraga
Ia dena prest da Urretxun eta Zumarragan urriaren 7an Gipuzkoako ikastolen festa ospatzeko. Zirkuituak 5,9 kilometro eta lau gune izango ditu eta egun osoan zehar adin guztikoentzat ekitaldiak egongo dira.
Ia dena prest da Urretxun eta Zumarragan urriaren 7an Gipuzkoako ikastolen festa ospatzeko. Zirkuituak 5,9 kilometro eta lau gune izango ditu eta egun osoan zehar adin guztikoentzat ekitaldiak egongo dira.
Kilometroak 2018 atzo aurkeztu zuten Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Ekitaldian Nekane Artola Kilometroak kultur erakundeko lehendakariak, Montse Alkorta Urretxu-Zumarraga Ikastolako zuzendariak, Aitor Gabirondo Kilometroak 2018ko koordinatzaileak eta Amaia Aranburu Kilometroak 2018ko Komunikazio batzordeko kideak parte hartu zuten.
Aurtengo zirkuitua 5,9 kilometrokoa izango da. Urretxu eta Zumarraga zeharkatuko ditu eta erabat irisgarria izango da. Lau gunetan banatuta egongo da: ikastola, Zumarragako plaza, Etxaburu eta Santa Barbara.
Lehenengo gunea ikastolan egongo da. Bertan emango zaio hasiera ofiziala jaiari, 09:30ean. Omenaldia ere bertan izango da: Lurdesko Ama elizan, 12:00etan. Ikastetxeetarako materiala sortzen aritu ziren irakasleak omenduko dituzte.
Ekitaldiak
Ikastolan haurrei zuzenduriko hainbat ekintza ere egongo dira: Sormen, henna, saskigintza eta zientzia tailerrak, Imanol Ituiño magoa, 3zpa4, Erromeria.eus eta Kantukolore. Gainera, bi herrietako lagun taldeek gastronomia lehiaketa egingo dute eta otordua prestatuko dute nahi duen ororentzat.
Zumarragako plazakoa gune handiena izango da, Zelai Arizti parkea eta Lizeoa ere hartuko baititu. Aniztasun tailer eta jolasek beste kultura eta ohitura batzuk ezagutzeko aukera emango dute. Horrez gain, Euskal Herriko dantzak, jolasak eta kirolak ere izango dira.
Eguerdian, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak euskal kantu eta doinuekin alaituko ditu plaza eta inguruak. Ez da musika eskaintza bakarra izango, Trikuarri, Tiktara, Hiri Galduak eta Gozategi ere gune horretan arituko baitira.
Beste bi guneak herrigunetik kanpo egongo dira. Etxaburukoa izango da hirugarrena. Gazteei zuzendutako kontzertuak izango dira bertan: Patxuko Nice, Gorpuzkingz, Willis Drummond, Voltaia eta Eraso arituko dira han.
Santa Barbara ere gazteei zuzenduta egongo da, eta ondorengo kontzertuak izango dira: Oso Fan, Madeleine, La Basu, Oihan Vega eta Hesian. Gainera, carver gainean patinatzea gustuko dutenek edo ikasten hasi nahi dutenek Axi Muniainen gunera hurbiltzeko aukera izango dute.
Horretaz guztiaz gain, Nekolaldeko plazatxoan artisauen azoka egongo da. Aldiri kiroldegian, berriz, jangela nagusia kokatuko dute. Bazkarirako txartelak goizean egongo dira salgai.
Ikastola ezberdinetako taldeen Erronka lehiaketak ere tarte berezia izango du aurtengo Kilometroak jaian. Goizeko probak lau gunetan egingo dira eta finala lehen gunean (Ikastola ondoan dagoen igerilekuan). Arratsaldeko lehen orduan izango da eta uretako probek protagonismo berezia izango dute.
Garraio publikoa
Egitaraua paregabea da eta antolatzaileek milaka lagunen bisita espero dute. Urretxu eta Zumarragara heltzeko garraio publikoa edo bizikleta erabiltzea gomendatu zuten. Renfek aldiriko tren bereziak eskainiko ditu egun horretan. Zumarragako geltokitik bertatik sartu ahal izango da zirkuituan. Renfeko txartelak salgai daude dagoeneko, nahi duenak aurrez erosi ahal izateko.
Lurraldebusek ere autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu. Egun horretan autobusak ezingo dira Renfeko tren geltokiraino sartu. Antzuola eta Legazpi aldetik datozenak Mugitegi industrialdean geratuko dira eta Azkoitia aldetik datozenak, berriz, Zumarragako eliza aurrean.
Bizikletentzako bi aparkaleku egongo dira: Urretxuko Ipeñarrieta auzoan (Kamineroen etxearen aurrean) eta Urretxuko Ederrena pilotalekuan.
Autoentzako aparkalekuei dagokienez, bi prestatu dira: Urretxuko Mugitegi industrialdean eta Zumarragako industrialdearen eta ospitalearen inguruan. Elbarriek Renfeko geltokiaren ondoan aparkatu ahal izango dute. Urriaren 6an, jaiaren bezperan, Arcelor Mittal lantegiaren aparkalekua irekiko da autokarabanentzat.
Kilometroak ez da festa arrunt bat, baloreak eta helburuak dituen festa bat baizik. Aurtengo festaren helburua harremanak sendotzea, gure gizartearen aniztasuna erakustea, elkarlana bultzatzea eta ikastola berritzeko dirua lortzea da.
Bestalde, atzoko prentsaurrekoan euskara eta ingurumena errespetatzeko eskatu zuten eta alkohol eta droga kontsumoa eta indarkeria sexista arbuiatu zituzten.