Aitor Garmendia: «Lagunak, familiakoak... denak han zeuden, ez dut sekula ahaztuko»
Txindokiko erronkaren eta egindako lorpenaren biharamunean, hunkituta jarraitzen du Garmendiak. Ez zen nolahaikoa izan. 23 ordu eta 12 minutuan 13 aldiz igo zuen Aralarko tontorrik ezaguna. Atseden hartzeko tarte handirik ez du izan, eta lanean dela erantzun die Goierriko Hitzaren galderei. “Hala tokatu da eta egin egin behar. Ez dago besterik”.
Ia 24 ordu egin zituen Garmendiak gora eta behera. Txakalaldiren bat edo beste izan zuela aitortu du. Zazpigarren itzulian izan zen, erdi aldera. “Goran hoztu egin nintzen eta tripak nahastuta eta erdi mareatuta egon nintzen. Ez zen denbora asko izan, 10 bat minutu edo ordu laurden. Baina gero buelta eman nion”. Hain zuzen ere, “bederatzigarren bueltan” ikusi zuen erronka betetzeko moduan izango zela. Azken itzulia, 13.a, “beste era batera” egin zuela dio, “gozatuz”.
Azken itzulietan jendetza bildu zen Larraitzen, eta iritsi zenean, izar baten pare hartu zuten. “Oso sentsazio polita izan zen, ez dut sekula ahaztuko. Ezagunak, lagunak, familiakoak… denak han zeuden. Oso momentu polita izan zen”.
Informazio gehiago bihar, Goierriko Hitzaren papereko edizioan.