Ampo Ordiziak 23-30 galdu du etxean, Alcobendasekin
Denboraldiari emandako hasiera bikaina ezin izan du etxean borobildu Ampo Ordiziak. Santboianari eta Gernikari irabazi zieten aurreneko bi jardunaldietan, baina hirugarrenean, ez dute Sanitas Alcobendas liderra mendean hartzen asmatu. Beroak markatutako partida izan zen larunbatekoa, eta ordiziarrak lehian sartuta egon baziren ere, partida luzeegia egin zitzaien bukaerarako.
Dena emateko prest atera ziren etxekoak, bai baizekiten madrildarrei ezin zaiela beraien jokoa egiten utzi. Juanma Lescanok erasoko aurreneko jokaldian egin zuen entsegua, eta minutu batzutara, Kawa Leaumak bigarrena; Cruzek ez zuen kolpean asmatu. Ordiziarren alde hasi zen partida, eta madrildarrak beraien tokia bilatu ezinda zebiltzala zirudien. Lehen zatian ez zuten entsegurik lortu, baina bi zigor kolperi esker, 15-6 bukatu zuten.
Bigarren zatian ordea, Alcobendasek bere benetako indarra erakutsi du. Goierritarren indarrak apaltzen zihoazen bitartean, madrildarrek asmatu egin zuten egindako aldaketa bakoitzarekin. Partida bukatzeko 13 minuturen faltan jarri ziren aurretik (22-23); bost falta zirela berriz, etxekoen akats ugari tarteko, Alcobendasek beste entsegu bat egin eta 22-30ekoa jarri zuten markagailuan.
Ampo Ordizia sailkapeneko 3. postutik 5.era erori da. Alcobendas berriz, 13na puntutan berdinduta dago lidertzan, El Salvadorrekin. Datorren asteburuan Santander aldera joko dute ordiziarrek, Independienteren kontra jokatuko baitute igandean, 12:00etan.