Larunbatean, 10:00etatik 14:00etara Gernika pasealekuan jarriko dituzte postuak .Herriak Elkarlanean omenduko dute .Gaur hitzaldia dago 18:30ean
Larunbatean ‘Indarkeria sexistaren aurkako hari matazak’ egingo dituzte, Gernika pasealekuan // Loinaz Agirre
Boluntariotza oinarri duten elkarteen eta taldeen erakusleihoa eta topagunea izango da larunbatean Beasain. Gernika pasealekuan 27 elkarte elkartuko dira, 10:00etatik 14:00etara bitartean, egiten duten lana gizarteratzeko: Nagusilan, Gurutze Gorria, Asmube, Alkoholiko Anonimoak, Txolarte, Esku Batuak, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Haurralde Fundazioa, Gazteak eta Garapena, Bakerako Lankidetza Batzarra, Proega, Gipuzkoako Odol Emaileak, Unrwa, Fisc, Aranealde, Txilibutxof, Caritas, Herriak Elkarlanean, Mundubat, Emigrados Sin?Fronteras, Al-Anon Alateen, Etxe Kaleratzeak Stop, Baltistan, Begisare, Salvamento Maritiimo Humanitario, Garabide, Baltistan eta Gipuzkoako Epilepsia Elkartea (Age). Azken elkarte horrek, gaur, 18:30ean, hitzaldia egingo du udaletxean.
Ohi bezala, ekintza osagarriak ere izango dira, Musika Eskolako trikitilariek girotuta. Minbiziaren Aurkako Elkartearen eta Fisc Elkartearen postuetan, txapak egiteko tailerra egongo da; Herriak Elkarlanean erakundearen postuan bidezko merkataritzako produktuak jarriko dituzte salgai; Haurralde Fundazioak ginkana antolatuko du; Age elkarteak Ondo pasatuz epilepsia ezagutzen tailerra egingo du; Asmubek Indarkeria sexistaren aurkako matazak egingo ditu; eta Proegak, joko kooperatiboak.
12:30ean, elkarteen arteko patata tortilla txapelketa hasiko da, Urkiolako J. Ignacio Urkiola, Xerberako Veronica Varela eta Batzokiko Iñigo Sanchez sukaldariek osatuko dute epaimahaia. 13:00etan, Herriak Elkarlanean elkartea omenduko dute. Azkenik, 13:15ean, Aranealdeko Gurea abesbatzaren emanaldiarekin amaituko da eguna.