Mendiburu, Olano eta EiTB omenduko dituzte Lejarretaren omenezkoan
Ramon Mendiburu, Abraham Olano eta EiTB omenduko dituzte igandean, Ordizian jokatuko den IV. Marino Lejarreta Klasikoan. Duela hiru urte ospatu zuen, lehenengoz, Txapel Gorri elkarteak, Ordiziako Udalaren laguntzarekin.
Urtetik urtera, geroz eta gehiago dira parte hartzera animatzen diren kirolariak. Lehenen edizioan, 145 txirrindularik hartu zuten parte, 335 izan ziren bigarrenean, iaz 405 eta aurten 460 txirrindulari gerturatuko dira Ordiziara. Bederatzi talde emakumez osatutakoak izango dira aurten, iaz baino lau gehiago.
Parte hartzaileen artean profesional izandako txirrindulariak daude. Hala nola, Marino Lejarreta eta Abraham Olano (munduko txapelduna eta 47 garaipen izandakoa), Raimund Dietzen (24 garaipen), Pavel Tonkov (35 garaipen eta Italiako Giroa 1996ean), Juanma Garate, Arsenio Gonzalez, David Etxebarria, Jokin Mujika, Ezequiel Mosquera, Roberto Laiseka, Aitor Osa, Martín Perdiguero eta beste hainbat eta hainbat txirrindulari. Zerrenda luzea da, 74 izango baitira profesionalak izandakoak. Bestalde, aurten ere, Serafín Zubiri abeslaria eta David Llaurado, London eta Beijingo para-olinpiadetako txapelduna ere Ordizian izango dira.
Igandean, Gudarien etornbidetik 09:15ean aterako da lehenen boskotea. Izan ere, bosna txirrindulariko 91 taldetan aterako dira; azkena, 12:30ean.
Omenduak
Ramon Mendiburu txirrindularitzaren munduan «dena» izan dela azpimarratu du Jose Luis Sanz Txapel Gorri elkartearen ordezkariak. Profesionaletan aritu zen 1962 eta 1970 urteen artean eta hamabi garaipen zituen. Ordiziako proban parte hartu izan zuen, talde zuzendari izan zen, estatuko selekzionatzaile, Espainiako Vueltan esatari eta zuzendari tekniko lanak ere egin zituen. Nazioarteko Txirrindularitzako batasunaren zuzendaritza taldeko kidea izan zen eta, azkenik, Ordiziako Klasikoaren antolakuntzan ere lagundu ohi du.
Abraham Olanoren lehenengo garaipena Ordiziako Klasikoan izan zen, 1992. urtean. Eta ondoko urteetan garaipen ugari lortu zituen: 1994ean Espainiako txapelketa; 1995ean Munduko txapelduna errepidean eta bigarrena erlojuaren kontra, bigarrena Espainiako bueltan; 1996ko Olinpiar Jokoetan bigarrena erlojuaren kontrako proban eta hirugarrena Italiako Giroan; 1997an Eddy Mercks saria eta etapa bat Tourrean; Espainiako Vuelta eta Txapelketa eta Munduko erlojuaren kontrako garaipena 1998an; bigarrena Giroan 2001ean eta bigarrena Espainiako txapelketan 2002an. Guztira 47 lasterketa irabazi zituen.
Azkenik, Txapel Gorri elkarteak Ordiziako Klasikoa lagunduz EITB-k egiten duen lana ere eskertu nahi du.