Sprilurrek Sidenor zegoen gunea erosi eta berraktibatu nahi du
Sprilur erakundeak Sidenor lantegia izandako lur saila erosi du. 100.000 metro koadro dira guztia eta horietatik 45.000 industria pabiloiak dira. Industria zorua lehenera ekarri eta berraktibatzea dute helburu.
Sprilur Eusko Jaurlaritzako Industria, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailari atxikitako erakundea da. Bere jarduna enpresa sarea bultzatzean eta hobetzean datza. Garai bateko Sidenor –Gerdau ere izan da– fabrikaren erosketa 2015ean martxan jarritako lankidetza baten emaitza da. Koldobike Olabide Legazpiko alkateak adierazi duenez, «Legazpiko udalbatzak aho batez onartu zuen udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Sprilurren eta orduko Gerdau enpresaren arteko lankidetza hitzarmen bat. Helburua eremu hori berpiztea zen».
Enpresen interesa
Legazpiko Udalaren ekarpena hirigintza arauei dagozkiena da, «sail hori ondare plan batek babestuta dago, arkitektura aldetik garrantzia dauka eta tximinia batzuk ezin dira ukitu, ezta fundizio izandako gune batzuk ere. Merkaturatzea nola egin lantzen ari ginela, Sidenor eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hartu-emanak hasi ziren eta pabiloiak erosteko aukera sortu zen».
Erosketa egina dago jada eta Legazpiko Udalak 186.000 euro poltsikoratu ditu zoruaren balioaren gehikuntzagatik. Datorren astean Sprilurreko teknikariek eta udalekoek bilera dute azpiegiturak nola egokituko dituzten zehazteko. Telefono, argi eta ur hoditeriak jarri behar dituzte. «Dagoeneko, Legazpiko zein kanpoko hainbat enpresak gunearekiko interesa agertu dute. Guretzat oso albiste ona da pabiloi asko daudelako eta lanpostuak sortzeko aukera handia delako. Kalitatezko lanpostuak izango dira», azaldu du alkateak.