Zumarragako Udalak udazkenean botako du kooperatibaren etxea
Zumarragako Udalak Legazpi kooperatibaren etxea bota eta bere tokian hamabost etxebizitza egitea ahalbidetuko duen hirigintza hitzarmena onartu du azken osoko bilkuran. Alderdi guztiek alde bozkatu dute. Baltasar Suarez enpresak eraikina
Zumarragako Udalak Legazpi kooperatibaren etxea bota eta bere tokian hamabost etxebizitza egitea ahalbidetuko duen hirigintza hitzarmena onartu du azken osoko bilkuran. Alderdi guztiek alde bozkatu dute.
Baltasar Suarez enpresak eraikina bota eta bere tokian hamabost etxebizitza eta beste horrenbeste garaje egingo ditu. Kooperatibaren etxea Legazpi kaleko gainontzekoak baino aurrerago dago eta berria gainontzekoen parean egongo da. Bestalde, obra honi esker, Galeperrako pasealekua Klara Larrañaga parkearekin lotuko da. Eraikina udazken honetan botako dute, urrian edo azaroan.
Osoko bilkuran herriaren goialdeko urbanizazio lanez ere hitz egin zuten. Hurrengo lanak geriatrikotik bihurgunera doan tartean egingo dituzte. Aurrekontua 285.000 eurokoa da. Diru horrekin, espaloiak, errepidea eta argiteria berrituko dituzte.
Ospitaleko itzuli guztia hamar fasetan berrituko da. Lau milioi euro behar dira horretarako. Mikel Serrano alkateak urtero zati bat berrituko dutela aurreratu zuen eta bizilagunei eskerrak eman zizkien, beraien pazientziagatik. Bizilagun batzuk osoko bilkurara joan ziren, eta beraien ordezkariak asko itxaron dutela gogoratu zuen eta geldialdirik ez egiteko eskatu zuen.
Bidegorri berria
GI-2632 errepidearen ondoan egingo den bidegorriaz ere hitz egin zuten. Hiru fasetan egingo da: Eitzako errotondatik ospitaleko errotondara, ospitaleko errotondatik industrialdeko sarrerara eta industrialdeko sarreratik Kaminpera.
Azken zati hau da lehenengo egingo dena. Aurrekontua 240.000 eurokoa da eta aldundiaren Mugikortasun sailak 75.000 euroko diru laguntza eman du. Gainera, Europar Batasunari diru laguntza eskatu behar diote. Obra urrian hasiko da.
Azkenik, Euskaraldia herrian sustatzeko adierazpena irakurri zuten. Euskaraldiaren helburua euskararen erabilpenari bultzada ematea da. Horretarako, azaroaren 23tik abenduaren 3ra ariketa bat egingo da. Parte hartu nahi dutenek Ahobizi edo Belarriprest rola hartuko dute. Lehenengoek ulertzen dutenei euskaraz egingo diete eta bigarrenek dakitenei beraiei euskaraz egiteko eskatuko diete.