Urretxu-Zumarraga Ikastola 1967an sortu zen eta hiru aldiz antolatu du Kilometroak festa: 1985ean, 2002an eta 2018an. Hasieran txotxak erabiltzen zituzten, 1985erako ikastoletako testuliburuak punta-puntakoak ziren, 2002an Internet erabiltzen hasi ziren eta egun Konfiantzaren Pedagogia dute ardatz. Hezkuntza eta gizartea asko aldatu dira, baina ikastolaren helburua hasierako bera da:?euskara sustatzea eta gizarte hobe bat eraikitzea.
Etxez etxe diru eske eta larunbatetan ikastolako lanetan laguntzera
Urretxu eta Zumarragako guraso talde batek bi herriotan ikastola bat sortzea erabaki zuten eta beste guraso batzuk bilera batera deitu zituzten. Jose Luis Ruizek bilera hartan parte hartu zuen, eta diruzain kargua hartu zuen. «Bazkideak bilatzeari ekin genion. Etxez etxe joaten ginen bonu batzuekin. Diru horrekin, andereñoei ordaintzen genien. Andereñoek dirua zegoenean kobratzen zuten eta beste ezertarako dirurik ez zegoen», gogoratu du. Poliki-poliki ikastola hazten joan zen. «Jendeak ikastola gogoa zuen eta herritik sortu zen. Batzuk ez zuten zabalduko zela sinisten, baina pixkanaka itxura hartu zuen. Hasierako gurasoek meritu handia dute». Ruizek bi alaba ditu eta oso argi zuen ikastolara bidaliko zituela. «Ikastola ireki zenean, nire alabak jaio gabe zeuden oraindik. Ikastolara joan ziren, noski». Ordutik, Urretxu-Zumarraga ikastola asko hazi da. «Oso hunkigarria da zenbat hazi den ikustea. Izan ere, herritarrok lan asko egin genuen auzolanean: lehen urteetako obra guztiak herritarrok egin genituen. Larunbatero joaten ginen lanera eta egun osoa bertan igarotzen genuen». Etorkizunari begira, itxaropentsu ageri da. «Ikastola bihotzean daramagu eta egungo gurasoak lan ona egiten ari direla uste dut. 1985eko eta 2002ko Kilometroak festetan lan egin nuen eta oraingoan ere izena eman dut. Hori bai, lan gogorrik ez jartzeko esan diet. Dagoeneko ez dugu horretarako adinik. Garai batean ikastolen festa guztietara joaten ginen».
Fraideek zuzendari izateari utzi zioten
Ordura arteko Kilometroetan, dirua azpiegiturak berritzeko erabili zen. 1985ekoak, berriz, helburu pedagogiko bat izan zuen:?guraso erdaldunak zituzten ikasleak asko ugaldu ziren, krisi pedagogiko bat sortu zen eta horri erantzun nahi zitzaion.
Kilometroak 85 oso arrakastatsua izan zen, besteak beste oso eguraldi ona egin zuelako. Antolatzaileek ez zuten euririk egitea nahi, noski, baina beroaren beldur ere baziren. Izan ere, urte hartan lehorte handia egon zen eta suteen beldur ziren.
Urretxu eta Zumarraga ezagutzera emateko oso baliagarria izan zen eta bisitarien artean, Joxemiel Barandiaran, eta Jose Antonio Ardantza eta Carlos Garaikoetxea lehendakariak egon ziren.
Jesus Alberdi eta Anto Arrizabalaga senar-emazteek gogor lan egin zuten 1985eko Kilometroenen antolaketan. Alberdi ikastolako lehendakaria izan zen eta alaba Nere ere lehendakaria izan da.
Alberdiren garaian aldaketa garrantzitsua eman zen ikastolan: pasiotarrek ikastolako zuzendari izateari utzi zioten. Pasiotarra ez zen lehen zuzendaria Iñaki Etxezarreta izan zen. «Batzuk kanpotik ekartzea proposatu zuten eta nik bertako bat jartzeko eskatu nuen. Irakasleei bost pertsona proposatzeko eskatu genien eta Etxezarreta aukeratu genuen».
Aldaketa ugari urteotan
Ordutik ikastolak aurrerapauso nabarmenak eman dituela uste du. Asko aldatu da. «Oso aurreratuta ikusten dut. Beste ikastola bat da. Oso pozgarria da ikustea. Lehen egindako lanaren fruitua ere bada».
Gauzak asko aldatu dira. «Egun autobusean joaten dira toki guztietara. Lehen, eskola kiroleko partidetara gurasoen autoetan joaten ziren», dio Arrizabalagak.
Zumarragako jaietan jartzen zuten tabernaren arrakasta gogoratzen du bereziki. «Lehen urtean sekulakoa izan zen. Batek tortillak eraman zituen, beste batek kroketak edo haragi egosia… Familia handi bat ginen. Dena bukatu zitzaigun. 450.000 pezeta lortu genuen eta diru horrekin ikastolako futbol zelaia egin genuen», gogoratu du.
Bere senarrak udalekuetan ere gogor lan egin zutela dio. «Kamioiarekin alde batetik bestera ibiltzen ginen. Pasiotarrek udalekuak egiteko tokiak lortzen zituzten, baina eraikin horiek hutsik egoten ziren eta oheak, lapikoak… eraman behar ziren. Egun ondo prestatuta dauden tokietara joaten dira, baina gure garaian garrantzitsuena merkea izatea zen».
2002ko antolatzaileen animoak 2018koei
Maria Luisa Mujika ez zen ikastolako ikaslea izan, bera jaio zenean sortu gabe baitzegoen oraindik. Oso argi izan zuen, ordea, alaba ikastolara joango zela. «Gure alabak guk izan ez genuena izatea nahi genuen. Ez genuen nahi gure alaba gure hizkuntzan analfabetoa izatea. Ikastolaren filosofiarekin bat gatoz, gainera».
Urretxu-Zumarraga Ikastolak Kilometroak 2002 antolatu zuenean, Mujika zen lehendakaria. 2001ean haren anaiak istripu larria izan zuen eta hilabete gogorrak bizi izan zituen. «Zuzendaritzak, guraso elkarteak… denek laguntza handia eskaini zidaten. Denak oso ondo portatu ziren. Hala izan ez balitz, ezingo nukeen hura aurrera eraman».
Urte gogorra, baina «polita» izan zeln. «Oker ez banaiz, 16 lan talde osatu genituen. Gurasoak asko inplikatu ziren. Oso ondo lan egin genuen. Zuzendaritza eta langileak ere buru-belarri aritu ziren. Kilometroak egunean 125.000 lagun inguru elkartu ziren Urretxu-Zumarragan eta dena ondo irten zen. Zoriondu egin gintuzten».
Aurtengo festaren ardura hartu dutenei animoak eman dizkie. «Bukatzen duzunean, sekulako poza hartzen duzu. Lekukoa gustura hartzen da, baina utzi ere bai. 2.000 lagun baino gehiagok lan egin genuen eta poztasun sentsazio hori lan egin genuen guztiok izan genuen. Herriak asko lagundu zuen eta leloa hori zen, hain zuzen ere: Elkarren beharrean. Gauza asko egin daitezke elkarrekin lanean. Gure ikastola ere horrelaxe sortu zen: auzolanean».
Gurasoen inplikazioa
2002ko Kilometroetan bildutako dirua Lizeoa berritzeko eta ikastolako komunak egokitzeko erabili zen. Ordutik gizartea aldatu egin dela dio. «Orduan gurasoak gehiago inplikatzen ziren. Egun mundu guztia bere lanean murgilduta dago. Dena den, guraso asko daude inplikatuta oraindik ere. Eta ikastolaren izaera ez da aldatu».
Argi dago egungo gurasoek ere lanerako gogoa dutela. 2018ko Kilometroak antolatu dutela ikustea besterik ez dago. Mujikaren laguntza izango dute. «Izena eman dut eta protokolo taldean jarri naute».
2002an bizitakoak gogoratzea saihestezina izango da. «Urte osoan zehar une polit asko bizi izan genituen:?eskolarteko bertsopaper lehiaketako sari banaketa, gastronomia lehiaketa… Baina politena lanean bizitakoa izan zen. Bulego txiki hark hitz egingo balu… Maite Berasategirekin sekulako barreak egin nituen. Lan asko egin genuen, baina urte hartan egin nituen lagunak betirako lagunak dira».
Arimari eutsi, eredua aldatuz
Urretxu-Zumarraga ikastolako egungo lehendakaria Argiñe Artolazabal da. Haren aita ere lehendakaria izan zen. «Beste familia batzuetan ere aita eta alaba ikastolako lehendakariak izan dira. Egia esan, pozgarria da».
Ikastola asko aldatu da haren aita lehendakari izan zen garaitik. «Nire ustez, garai hartan boluntariotzak indar handiagoa zuen. Egun askoz ere lanpetuago bizi gara eta denok etxetik kanpo egiten dugu lan. Bestalde, guraso ordezkaritzan lehen baino emakume gehiago gaude. Lehen gizonezkoek egiten zituzten halako lanak».
Ikastolan gogor lan egiten ari dira garai bateko izpirituari eusteko. «Guraso talde bat gurasoen parte hartzea eta konpromisoa sustatzeko lan egiten ari da. Hala, talde ezberdinak sortu dira Urretxuko jaietan karroza egiteko, dantza ikastaroak emateko, mendi irteerak egiteko…».
Denbora asko ez duten arren, gurasoek Kilometroak festaren alde lan handia egin dutela dio. «Zorte handia izan dugu. Urte osoan zehar jende askok lan asko egin du. Talde guztietan jende asko ari da lan egiten. Bestela, ezinezkoa izango litzateke halako zerbait antolatzea».
Urtea azkar joan dela dio. «Hasi ginenean sekulako lana genuen aurretik eta konturatzerako festaren eguna heldu da. Egia esan, Ikastolen Elkartetik laguntza handia jaso dugu. Azken urtebetean ikasi dugunarekin, beste Kilometroak bat antolatzeko prest gaude», dio txantxetan.
Lan asko egin duten azken urtebetean. «Talde asko sortu dira, ekitaldi asko antolatu dira, oso giro ona izan dugu… Horrek guztiak gure komunitatea sendotzeko balio behar du. Lortu duguna mantentzea da gure etorkizuneko erronka», aurreratu du.
Konfiantzaren pedagogia
Elkarlanean, askoz ere errazagoa izango da etorkizuneko erronkei aurre egitea. «Ikastolak etengabe berritu egiten dira, egoera berriei egokitzeko. Gizartea aldatzen ari da eta ikasleak etorkizuneko erronketarako prest egotea nahi dugu. Horretarako, Konfiantzaren Pedagogia eredua ezarri dugu. Eraikina eredu horren beharretara egokitu behar da. Kilometroekin lortuko dugun dirua horretara bideratuko dugu», azaldu du Artolazabalek.
Ikastolek beti jakin dute gizartearen beharretara egokitzen. Horretarako, pedagogia eredu berritzaileak ezarri dituzte. «Ikastolak euskara bultzatzeko sortu ziren eta berritzaileak izan ziren. Jende askok horren aldeko apustua egin zuen. Egun ere eredu berritzaileen aldeko apustuak egiten ari gara».