Independiente Santanderren aurka jokatuko du Ampo Ordiziak igandean etxetik kanpo
Ampo Ordiziak Kantabria aldera bidaiatuko du igandean ohorezko mailako laugarren jardunaldia jokatzeko, San Roman zelaian, 12:00etan hasita. Partida garrantzitsua da goierritarrentzat, Errege koparako kanporaketarako baliokoa baita. Kopako talde berean dago Valladolideko Silverstorm El Salvador.
Aurreko denboraldiaren amaieran garrantzitsuak ziren hainbat jokalari joan eta taldea ederki indartu duten beste batzuk iritsi dira; Manu Mora eta Nacho Contardi horien artean. Tristan Mozimanek zuzenduak garaipena ospatu nahi dute San Romanen, aurreko asteburuan Burgosko Ubu-Colina Clinicen kontra 39 eta 36 galdu eta gero.
Ordiziarrek, pasa den jardunaldian gaizki egindakoak ahaztu nahi dituzte. Sailkapen nagusian kantabriarrek baino bi puntu gehiago dituzte, irabazten duena beraz, aurretik jarriko da. Tanto askoko partida izatea espero dute, ligako bi talde onenetakoak aurrez aurre izango baitira.
Gainera, zelaiaren neurriak ohikoak baino txikiagoak izango dira. Jokoaren gakoetako bat zigor kolpeak ez egitea izango da, aurkariak tantoak egin ez ditzan. Ordiziarren artean, lehenengo jardunaldian min hartu zuen Imanol Aldanondo jokatzeko moduan izango da.
Selekzioak deitua
OREko jokalaria den Erlantz Garmendia Zubeldia estatuko 18 urtez azpikoen selekzioak datozen egunetan egingo duen kontzentraziora deitu dute. Hilaren 8tik 11ra Valladolideden egongo da eta 12tik 14ra Madrilen.