Aterkia eskuan eta irribarrea ahoan
Tarteka euria ari duen arren, eguraldiak ez du Kilometroak festa zapuztea lortu. Jendea eguraldi ona egiten duenean baino beranduago heldu da Kilometroak festara, baina poliki-poliki zirkuituak eta guneek itxura polita
Tarteka euria ari duen arren, eguraldiak ez du Kilometroak festa zapuztea lortu. Jendea eguraldi ona egiten duenean baino beranduago heldu da Kilometroak festara, baina poliki-poliki zirkuituak eta guneek itxura polita hartu dute.
Hasiera ekitaldia ikastolan izan da. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Markel Olano ahaldun nagusiak, Denis Itxaso Kultura diputatuak, Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidenteak, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu dute, besteak beste. Ekitaldian lehen urte haietan musu truk ikastolaren alde lanean aritu ziren familiak omendu dituzte. Euria dela eta, ekitaldia Lurdesko Amaren elizan egin dute.
Eguerdian, toki berean, edukigintzan aritutako irakasleak omendu dituzte: Nekane Agirre Erostegi, Mikele Aldasoro Agirre, Eli Aramendi Valdivieso, Ramon Azurmendi Lasa, Belen Baztarrika Juanes, Izaskun Bernaras Iturrioz, Mari Jose Elgarresta Atxukarro, Iñaki Etxezarreta Alberdi, Maite Imaz San Miguel, Elisabet Lete Azpiazu, Arantxa Leunda Larrarte, Batis Maiz Agirre, Mertxe Serna Elgarresta eta Juani Zabaleta Lazkano. Ekitaldian Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolari 2019ko kilometroak antolatzeko lekukoa eman zaio. Datorren urtekoa dela ezagutzen dugun ereduan kilometroak jaia ospatuko den azken edizioa. 2020an eredu berriarekin lanean hasiko dira.
Gainontzeko ekitaldiei dagokienez, giro ona nagusi da Urretxu eta Zumarragako kaleetan eta lau guneetan. Erronkan parte hartzen ari diren gazteak giro polita jartzen ari dira eta Trikuarri Urretxu eta Zumarragako taldeak Euskadi plazan elkartu den jendea dantzan jarri du.
Arratsaldean ere ekitaldi asko egongo dira: Erromeria.eus (14:30), Erronkako finala (15:30) eta Kantu Kolore (17:00) ikastolan, kirol anitzak (15:30), herri kirolak (15:30) Zelai Ariztin, Hiri Galduak (15:45) eta Gozategi (17:15) taldeen kontzertua plazan, Willis Drummond (14:30) Etxaburun, La Basu (14:45), Oihan Vega (16:00) eta Hesian (17:45) Santa Barbaran.