Urretxu Zumarraga Ikastola izan da Erronkako garailea. Orioko, Zarauzko eta Anoetako ikastolek ere eraman dute saria.
Urretxu Zumarraga Ikastola izan da Erronkako garailea. Hortaz, 1.000 euroko saria eta garailearen Ikurriña etxean gelditu dira. “Handia egin dugu. Urretxu Zumarraga Ikastolak ez du sekula irabazi Erronkako sari potoloa. Lehendabizikoa herrian bertan etorri da”, esan dute Malen Badiola eta Julen Sasieta ikasleek pozarren. Bigarren Orioko Ikastolak egin du, hirugarren Zarauzko Salbatore Mitxelenak, eta laugarren Anoetako Ikastolak.
Erronka handia izan dute aurrean ikasleek, baina ongi egin gainditu dute. “Ikasleak oso gustura eta ongi moldatu dira. Balorazioa positiboa da”, esan du Eñaut Urbizu antolatzaileak.
Goizean, bi txandatan banatuta, lehen jolasak egin dituzte ikasleek: kurlinketan ibili dira, piraguan, aldapa behera irristaka… Puntuak pilatuz joan dira, eta arratsaldean, abantaila gehiago edo gutxiago izan dute; finalean egin beharreko lanak askotarikoak izan dira: igerilekuaren alde batetik bestera pilotak saskiratu behar izan dituzte, arrantzan ere jardun dute eta logika jolasetan. Tartean tartean, talde batzuk kanporatuz joan dira, Urretxu Zumarragako, Orioko Zarauzko eta Anoetako Ikastolak bakarrik gelditu arte. Azken lauretan onena etxeko taldea izan da.