Zubiak batuz, hasi da Kilometroak18 jaia
Urretxu-Zumarragako Ikastolak antolatutako Kilometroak18 jaiari hasiera eman diote. Eguraldi makurrak ekitaldia baldintzatu du eta Lourdesko Ama elizan egin dute, nolanahi ere, ekitaldiko azken hitzekin batera eguzki printzak sartu dira elizako
Urretxu-Zumarragako Ikastolak antolatutako Kilometroak18 jaiari hasiera eman diote. Eguraldi makurrak ekitaldia baldintzatu du eta Lourdesko Ama elizan egin dute, nolanahi ere, ekitaldiko azken hitzekin batera eguzki printzak sartu dira elizako beirateetatik. Ekitaldia Inma Zabaleta eta Jon Balentziaga kazetariek aurkeztu dute. ZuBizikleta eskuetan sartu dira elizara bizikletaren azken irteera zela esanez. Josune Mujikak zeinuak jarri dizkie hizlari guztien hitzei eta zeinu-hizkuntzan eman ditu diskurtso guztiak.
Hitzen aurretik, baina, aurresku bat dantzatu dute Ikastolako ikasle, irakasle, guraso eta aitonek. Elizan bildutako publikoa ugaria zutik jarri dute. Jarraian, Argiñe Artolazabal Ikastolako lehendakariak eta gurasoak hitza hartu du. KMK18 jaia antolatzeko zergatiaz mintzatu da eta nabarmendu du helburu pedagogikoak martxan jartzeko espazio egoki bat lortzea izan dela helburu nagusia; halaber, Ikastolako komunitatea saretzea eta Urretxun zein Zumarragan Ikastolaren proiektua ezagutzera ematea.
“Orain 52 urte Ikastola martxan jarri zuten gurasoak izan ditugu ispilu”.
Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak hartu dute hitza segidan. Biek esker ona agertu diete lanean aritu diren boluntarioei. Luquik Ikastolarik gabeko herriak irudikatzea “ezinezkotzat” jo du eta Serranok gogora ekarri ditu “euskara arrotz zuten gurasoak, euren seme-alabak Ikastolara eraman eta euskararen aldeko apustua egin zutenak”.
Publikoa txaloka jarri dute Ikastolako ikasleek eta irakasleek KMK18ko kanta dantzatu dutenean. Ondoren, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak hitza hartu du eta aurreko urtean oinarrizko dokumentu bat lantzen aritu zirela esan du, “Hezkuntza Kontseiluak egindako hobekuntzekin Eusko Legebiltzarrera bidali genuen eta aurki gaia monografikoki landuko da han”. Uriartek dokumentu horren lanketan ikastolek izandako parte hartzeari azpimarra egin dio.
Nekane Artolak KMK Kultur Elkarteko lehendakariak ikastolen izaera kooperatiboa eta parte hartzea nabarmendu ditu eta orain ere “ausart eta arduraz” jokatzeko garaia dela esan du,
“egungo erronka guztiak barnebilduko dituen hezkuntza sistema propioa behar dugu. Alderdi, sindikatu eta eragileei erantzukizunez jokatzeko eskatu nahi diet ez baita erronka makala. Datozen belaunaldiek Euskal Herri justuagoa eta euskaldunagoa merezi dute”.
Azken hitzak Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak egin ditu. Ikastolako “haur harroa” dela esan du, “Ikastolak mugimendu aitzindaria izan dira eta orain ere hala dira. Izan daitezela aitzindari etorkizuneko euskal hiritarra sortzen”.
Behin hitz guztiak esanda, eta eliza eguzki printzek argitzen zutenean, UZ Ikastolako udalekuak antolatzen aritu ziren gurasoak gonbidatu dituzte aurkezleek. Garralda-Areizaga familiako eta Balentziaga-Larrañaga familiako kideak elizako zutabeetan lotutako zintzak luzatu dituzte, eta aurtengo KMK jaiari hasiera emateko, ez dituzte zintak moztu, zintak batu baizik, jaia zubiak batzen ari den bezalaxe. Horren isla izan da txistulariak Urretxuko eta Zumarragako zubiaren alde bakoitzean jarrita zeudela, erraldoi konpartsari itxaron eta bi herriotako zubian bat egin izana. Batu dira, beraz, zubiak.