Mugitzearen beharra
Adin guztietako beasaindarrak ariketa fisikoa egitera bultzatu nahi dituzte Anbulatorioak, udalak eta kiroldegiak. Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua dago aholkuak emateko
Gaixotasun eta heriotza kasu ugariren jatorria da ariketa fisikorik ez egitea, dieta desegokia eramatea eta tabakoa erretzea. Honela, ariketa fisikoa egunero maila egokian egitea beharrezkoa dute adin guztietako pertsonek, bizi kalitatea hobetzeko. Ariketa fisiko egokia egiten laguntzeko zerbitzua eskaintzera dator Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua, Antzizar Kiroldegiaren, Osasun Etxearen eta udalaren lankidetzari esker. Dohainik da zerbitzua.
Justo Mujika medikuaren esanetan, «ariketa fisikorik ez egitea arazo handia da gaur egun, mundu mailako izurritea da sedentarismoa. Bizimodua aldatzen ari da eta jende gazteak arazoak ditu ariketa fisikoa egiteko». Baina sedentarismoak osasun arazoak sortzen ditu. «Hipertentsioa, kolesterola, obesitatea, diabetesa… Ikusten dugu jendea mugitu beharra daukagula, saiatu egin behar da jendeak ariketa fisikoa egin dezan. Beraien osasunerako eta bizitza kalitate hobea izateko ariketa fisiko egokia egin behar da. Ariketa fisikoak onura handiak eskaintzen ditu».
Asier Borrego da Orientazio Zerbitzuaren kirol aholkularia, eta bera izango da beasaindarrak gorputza mugitzera bultzatuko dituena: «Sedentarismoa alde batera utzi eta aktibotasunera bideratu nahi ditugu. Askotan, dena den, aitzakia bezala erabiltzen dugu ez dakigula zer eta nola egin, zer komeni zaidan…. Guk horri erantzungo diogu».
Herritar guztiei irekia
Zerbitzua erabili nahi dutenek anbulatoriora edo kiroldegira deitu behar dute aurretik, eta ondoren Borrego bera jarriko da harremanetan erabiltzailearekin hitzordua zehazteko. Lehenengo hitzorduan erabiltzaile bakoitzaren egoeraren, nahien eta gustoen azterketa bat egingo dute, zein ariketa mota gomendatu jakiteko. Izan ere, Borregoren esanetan, «helburua gustuko ariketa egitea baita, eta ez etxean gelditzea. Askotan ariketa fisikoa egiteagatik hainbat farmako utzi daitezke, eta osasuntsuago bizi».
Orientazio zerbitzutik jarduera fisikoaren plangintzaren jarraipena egingo du Borregok, bi astean behin telefonotik deituz, aldaketaren bat egin behar bada aldatu eta pertsona horrek motibatuta jarrai dezan. «Orain arte egindako lana oso positiboa da, etorri direnek jarraipena eman die jarritako plangintzari. Bik bakarrik utzi dute: batek, bidaia bat egin behar izan duelako eta besteak ebakuntza bat izan duelako».
Egiten ari dena ere hobetzeko baliagarria da Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua. Mujikak nabarmendu duenez, «paseatzearekin batera beste ariketa batzuk gehiago eginda asko hobetu egin daiteke. Indar edo elastizidadeko ariketek adibidez, balio handiagoa ematen diote ere ariketari. Errendimendua eta ariketa fisikoa hobetu daiteke, paseatzea baino zertxobait gehiago eginda».
Orientazio Zerbitzua: lekua eta ordutegiak · Anbulatorioan. Astelehenetan , 10:15etatik 12:00etara. Hitzordua eskatzeko: 943 02 77 00. · Kiroldegian. Astearteetan 18:00etatik 20:00etara eta ostegunetan 11:00etatik 13:00etara. Hitzordua: 943 88 79 00.












