Ospitaleko aparkaleku berria azaro amaierarako prest egongo da
Zumarragako ospitaleko aparkaleku berria hilabete edo hilabete eta erdiko epean prest egongo da. 200 autorentzako tokia izango du eta doanekoa izango da. Bi sarrera izango ditu: Goizalde kanpo kontsulten eraikinetik
Zumarragako ospitaleko aparkaleku berria hilabete edo hilabete eta erdiko epean prest egongo da. 200 autorentzako tokia izango du eta doanekoa izango da. Bi sarrera izango ditu: Goizalde kanpo kontsulten eraikinetik eta Lamorous-Argixao geriatrikotik. Bigarren bide honek irteteko ere balioko du.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak prentsaurrekoa egin zuen atzo obran bertan. «Aparkalekua azaro amaierarako prest egongo da. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ordainduko du. Iñaki Arriolaren sailak. 2015ean Osasun sailak aurrekontu sail bat gorde zuen obra hau egiteko, baina azkenean ez zuen egin. Zumarragako Udalak ez du amore eman eta, azkenean, helburua lortu dugu», aipatu zuen.
Beharrezko azpiegitura
Zumarragako alkateak aparkalekua guztiz beharrezkoa dela erantsi zuen. «Azpiegitura hau beharrezkoa da. Izan ere, Zumarragako ospitaleak Gipuzkoa barrualdeko 100.000 biztanleri zerbitzua ematen die. 20 herri baino gehiagotik etortzen dira bertara».
Zumarragako Udalaren ahaleginari esker, azken urteetan kanpo kontsulten eraikin berria eta erresonantzia magnetikoa lortu direla gehitu zuen.
Aparkalekua 5.000 metro koadroko lursail batean egiten ari dira, Iturbene baserria zegoen tokian. Lursail hori kanpoko kontsulten eraikin berriaren eta geriatrikoaren artean dago, ospitalearen ondoan. Lanak bukatzear daude. «Lurra mugitu dute, zintarriak jarri dituzte eta kanalizazio lanak egin dituzte. Hurrengo pausoa asfaltatzea izango da. Hilaren 22an ekingo diote lan horri. Ondoren, aparkalekuak markatuko dituzte eta seinaleak jarri. 750.000 euroko aurrekontua dugu eta diru horrekin Ipar Haizeatik Goizalde kanpo kontsulten eraikinera doan oinezkoentzako bidea irisgarria egingo dugu».