Asteburuan ekingo diote ordiziarrek eta urretxuarrek 2018-2019 ligari. Ordiziakoek Valle de Egües taldearen aurka etxetik kanpo jokatuko dute, eta urretxuarrek Solaresen aurka, etxeanAsteburuan ekingo diote saskibaloiko EBA ligari. 2018-2019 denborald...
Ordizia Basoa Banaketak taldearen partida bateko irudia, iazko denboraldian.
Asteburuan ekingo diote ordiziarrek eta urretxuarrek 2018-2019 ligari. Ordiziakoek Valle de Egües taldearen aurka etxetik kanpo jokatuko dute, eta urretxuarrek Solaresen aurka, etxean
Asteburuan ekingo diote saskibaloiko EBA ligari. 2018-2019 denboraldian Ordiziako taldeaz gain, Urretxuko Goierri taldea ere EBA ligan arituko da. Aurten, beraz, Goierriko taldeen arteko derbia jokatuko dute.
Ordiziako saskibaloi taldeak bigarren urtez jarraian jokatuko du EBA ligan. Igandean estreinatuko da ligan, Valle de Egües talde iruñarraren aurka 12:30ean. Pasa den denboraldia «ez zen batere erraza izan» adierazi du Joseba Caballero Ordiziako klubeko zuzendaritza taldeko ordezkariak, baina «ikasteko asko balio» izan ziela ere esan du, eta «esperientzia hori, baliagarria izango da aurtengo helburuak bete ahal izateko».
Denboraldi berrirako taldea indartu dute, gainera. Entrenatzaile berria izango dute. Iñaki Jimenez donostiarrak hartu du taldeko gidaritza eta badira hilabete batzuk jokalariekin lanean hasi zela. Zarauzko taldea entrenatzetik dator eta esperientzia zabala duen gizona da.
Jokalariei dagokienez ere, bada berrikuntzarik. Ander Merketegik taldea utzi du. Iraurgi taldeak Ordiziako Basoa Banaketak taldeari utzitako jokalaria zen, baina Azpeitiko taldera bueltatu da. Haren tokia, Aritz Urbieta donostiarrak beteko du. 23 urte ditu eta Atletiko San Sebastian taldetik dator. Kantxan antolatzailea da, eta Ordizian ederki beteko du bere lana.
Urretxuko Goierri taldeak etxean estreinatuko du denboraldia Kantabriako Solares taldearen aurka, larunbatean 18:30ean. Xabi Gorostegi ordiziarra dute entrenatzaile lanetan eta hark esandakoaren arabera, «denboraldi berriari ekiteko urduritasun puntu batekin» daude. Izan ere, erronka handia izango da, maila igoerak lan gehiago egitea eskatuko baitie, baina «horri heltzeko prest» daude urretxuarrak.
Harrobiko jokalariekin ekingo diote denboraldiari Goierrikoek. «Momentuz ez dugu fitxajerik egingo», jakinarazi du Gorostegik, baina denboraldi osoan jokalari berririk etorriko ez denik ere ez du ziurtatu. Izan ere, une honetan justu samar dago taldea. Taldean giltza diren bi jokalarik belauneko lesioak dituzte eta egoera horri nolabait buelta eman beharko diote emaitza onak lortu nahi badituzte.
Joaneko derbia, abenduan
Datorren abenduaren 22ko asteburuan, Gabonen bezperan, jokatuko dute Ordiziako Basoa Banaketak taldeak eta Urretxuko Goierrik derbia. Majori kiroldegian izango da. Apirilean izango da, berriz, bueltakoa.