Lazkaon Talde Feminista sortu dute, orain arte hainbat eragilek egindako lana talde gisa gorpuzteko «unea» ikusita. A-25 eta Gabonetan jostailu kanpaina jorratuko dituzteLazkaoko Talde Feministak iragan ostiral arratsean egin zuen sorrerako batzarra,...
Lazkaoko talde feministaren sorrera batzarreko irudia, gaur zortzi. Arg.. Aimar Maiz
Lazkaon Talde Feminista sortu dute, orain arte hainbat eragilek egindako lana talde gisa gorpuzteko «unea» ikusita. A-25 eta Gabonetan jostailu kanpaina jorratuko dituzte
Lazkaoko Talde Feministak iragan ostiral arratsean egin zuen sorrerako batzarra, Lazkaoko udaletxeko aretoan. Hamabost feminista elkartu —guztiak emakumezkoak—, eta feminismoaren ildoak Lazkaon lantzeko talde baten beharra egikaritu dute. Bilera irekia deitu zuten hartarako, lagunak eta ideiak ekartzeko.
Aurreko urteetako ibilbidea errepasatzeko, elkar ezagutzeko, eta etorkizun hurbilean egingarri diren ekintza batzuk zehazteko baliatu zuten aurkezpeneko batzarra, gehien bat.
«Azken ikasturtean ekimen asko egin genituen, eragile ezberdinek elkarlanean. Eragileez harago, talde feminista bat sortzeko Lazkaon baldintzak eta aukera bagenituela ikusi dugu, eta iritsi da momentua», azaldu du Haizea Mendia taldekideak.
Anitza eta aktiboa
Adin askotako jendea batu da, lehen labealdian, taldera. «Jende ezberdina gara, adin ezberdinetakoak eta herriko talde askotan gabiltzanak». Talde gisa eratu, eta «zerbait iraunkorra» izatea nahi dute, aurrerantzean.
«Talde anitza eta aktiboa» eratzea hartu dute beste egiteko bat. «Gazteak eta helduagoak, denetik gaude, baina momentu honetan gazteak gutxi gara. Itxaropena dugu gazte jende asko inguratuko dela. Gainera, profil bat ez dago: emakume edo ez emakume, azken batean feminista izatea da kontua, parekidetasunaren alde borrokatu nahi duena», dio Irati Sanchez kideak.
Oraingoz, ezarritako daten arabera burutuko dituzte ekitaldiak. Azaroaren 25ean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako ekimenekin bat egingo dute. Gabonetan, jostailu ez sexisten kanpaina burutuko dute. M-8ko greba feminista eta Lazkaoko jaiak dituzte begiz joak, 2019an.