Goierriko dantzarien ordezkari Seguran
Urriaren 20an Seguran jokatuko den 42. Euskal Herriko dantza sueltoko txapelketan 14 dantzari bikote lehiatuko dira Baratze pilotalekuko oholtzan. Goierriko bikote ...
Urriaren 20an Seguran jokatuko den 42. Euskal Herriko dantza sueltoko txapelketan 14 dantzari bikote lehiatuko dira Baratze pilotalekuko oholtzan. Goierriko bikote bakarra izango da, Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola legazpiarrek osatutakoa. 16na urte dituzte Narbaizak eta Olaizolak eta lehenengo aldiz hartuko dute parte Segurako txapelketan.
Bost urte zituztenetik Legazpiko Sustraiak dantza taldean dabiltza, baina dantza sueltoko esperientziari iaz heldu zioten. Legazpiarren esanetan, soinu zahar txapelketan parte hartu izan dute eta hura prestatzen ari zirela ikusitako bideoekin piztu zitzaien dantza sueltorako urratsa egiteko gogoa: «Iaz Segurara joan ginen txapelketa ikustera». Baina, Narbaizak gogoratu duenez, «Legazpin ez dago ohiturarik dantza sueltoa erakusteko eta txapelketetan parte hartzeko. Orduan erabaki genuen Azpeitira joatea dantza sueltoan ikastera».
Sueltorako urratsa
Dantza sueltorako harra piztu ondoren, Euskal Dantzarien Biltzarreko idazkariarekin jarri ziren harremanetan. «Dantza sueltoan non ikas genezakeen galdetu genion eta hiruzpalau herri desberdinetako irakasleen telefono zenbakiak eman zizkiguten. Lehenengo Azpeitira deitu genuen eta bertara joatea erabaki genuen», adierazi du Olaizolak. Harrezkeroztik, Luis Alberdirekin dabiltza dantza sueltoaren sekretuak ikasten.
«Segurako txapelketan parte hartu hutsarekin ametsa beteko dugu» Idoia Narbaiza (dantzaria)
«Urduriago egongo gara telebista egongo dela kontuan izanda» Irati Olaizola (dantzaria)
Ohikoena ez bada ere, bi neskek osatuko dute Segurako txapelketako bikotea. «Txapelketan neska bikoteak ere ibili izan dira eta bi mutil ere bai. Aldatzen ari da». Emakume eta gizonen arteko berdintasun horren bidean, aurresku misto txapelketan ere parte hartu dute aurten Olaizolak eta Narbaizak Ordizian. «Lehen mutilek eta neskek dantza desberdinak egiten genituen, eta aurten, bi dantza egin ditugu denok. Guk ikasi behar izan dugu mutilen dantza eta mutilek nesken dantza. Egin beharra zegoen, aurrerapauso bat da berdintasunerantz». Hirugarren egin zuen Irati Olaizolak.
«Ametsa beteta»
Dantza sueltoko denboraldia Seguran bukatuko da eta txikitatik telebistan ikusi izan duten ekitaldi batean hartuko dute parte. Narbaizak aitortu duenez, «Seguran parte hartzea da garrantzitsuena, parte hartu hutsarekin ametsa beteko dugu». Denboraldia zehar Bergarako eta Zarauzko txapelketan parte hartu izan dute eta «lehenengo urtea izateko txukun» aritu direla nabarmendu dute legazpiarrek; «gustura gelditu ginen».
Hori bai, Seguran «urduriago» egongo direla uste dute, telebista egongo dela kontuan izan da: «Baina berez, beste txapelketa bat bezala da». Zortzina pausoko arin-arina eta fandangoa segidan dantzatu ahal izateko «fisikoki sasoian egotea» derrigorrezkoa dela diote. Horrezaz gain, zailena eskuak goian ondo mantentzea» dela diote, «goian mantendu eta pausoaren araberako mugimenduak egitea».
Jantzia ere prest dute. Jantzi dotoreenak ere saria izaten du baina legazpiarren kasuan, daukatenarekin joango dira: «Ez dugu trajea aldatuko, aurten egin dugu jantzi berria».
III. Dantza Eguna eta 42. Dantza Txapelketa urriaren 20an Seguran
Urriaren 20an euskal dantzaren plaza nagusian bihurtuko da Segura. 11:30ean, Azpilla taldeak gidatutako polka dantzatuko dute plazan, eta 12:30ean, Ttipika taldearekin dantza plaza gidatua. Eguerdian, herri bazkaria egingo dute karpan eta 15:30ean, Tio Teronen semeak taldeak Festamendua dantza ikuskizuna eskainiko du.
Hortik aurrerako festak Baratze pilotalekuan jarraituko du, 18:00etan hasiko baita 42. Euskal Herriko dantza txapelketa. 14 bikotek hartuko dute parte. Atsedenaldain Kanta Arian koreografia eskainiko dute Andoni Aresti Dantza Eskolako goi mailetako ikasleek. Sarrerak salgai daude: bibe.me webgunean.