Kepa Zubiarrain izango da Lazkaoko EAJren alkategaia
Lazkaoko EAJk gaur iragarri du 2019ko udal hauteskundeetan zein joango den zerrendaren buru: Kepa Zubiarrain Erauskin (Lazkao, 1969). Alderdiaren herriko batzarrak ahobatez hartu du alkategaia izendatzeko erabakia, EAJk prentsa-oharrean jakinarazi duenez.
Lazkaon jaioa 1969an, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Zubiarrain. Enpresa pribatuan lan egin du; 17 urtean, Fundiciones Estanda SAko finantza arduradun izan zen. Ezkondua da, eta hiru seme-alabaren aita.
Udalgintzan ere jarduna da. 1995-1999 agintaldian Lazkaoko Udaleko zinegotzi izan zen, orduan EAtik aurkeztuta. Alkateorde izan zen, eta Ongizate Batzordearen buru. 2019ko EAJren zerrendan independente bezala joango da.
“Agintaldi honetan gure udal taldeak egin duen lan bikainari jarraipena emateko eta gure herriaren etorkizuneko erronkei erantzuteko pertsona egokia dela uste dugu. Felix Urkolak eta bere lantaldeak egindako lanaren lekukoa hartukodu Kepak, eta ilusioz emango dio jarraipena lan horri”, azaldu du EAJren Lazkaoko Uri Buru Batzarreko lehendakari Inazio Estensorok.
Arlo pribatuan “lan eskarmentu handia” izateaz gain, Zubiarrainen “gaitasuna, esperientzia eta konpromisoa” baloratu ditu alderdi jeltzaleak. Orain, zerrenda osatzen jarraituko dutela aurreratu du.