Aire berriak dantza soltean
Seguran jokatuko den Euskal Herriko dantza solteko txapelketaren atarian, lehiaketen egitura garai berrietara egokitzeko beharraz hitz egin du Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak
Epaimahaian bertan aldaketak izan direla gogoratu du Mendizabalek: “Lehen, gizonezkoak izaten ziren epaile guztiak, eta gaur egun gehiago dira emakumezkoak. Aurrerapausoak eman ditugu emakumeak kargu horietan ere egoteko”. Dena den, dantza solteko txapelketek beste hainbat esparrutan ere egokitu beharra daukatela uste du koordinatzaileak. “Ikuskizunaren ikuspegitik ere egokitu behar dira”. Txapelketaren erakargarritasuna areagotzeaz gain, beste helburu bat ere lortu nahi dute aldaketekin: “Bidean utzitako dantza molde interesgarriak berreskuratzea”. Hiru proposamen egin dituzte: besoen erabilera naturala, eremu txiki batean dantzatzea, eta bikotearen arteko komunikazio biziagoa sendotzea. “Asko findu da dantza soltea, asko bistaratu da txapelketei esker. Dohain bat izan daiteke hori, baina baita galera bat ere; zentzu batean bai, behintzat: bizitasuna galtzea, oso-oso fina eta teknikoa bihurtzea…”. Mendizabalen ustez, “konplizitatea” bilatu behar da bikoteen artean. “Plazan dauden elementu batzuk berreskuratu behar dira, teknifikazioa ez hainbeste indartu…”. Besoei dagokienez, “beste jolas bat egitea” proposatzen dute. “Dantzari berari laguntzeko, bueltak azkarrago emateko… Lotura handiagoa dauka, agian, arlo teknikoarekin”. Besoak beste funtzio bat ere izan du dantzan: “Denborarekin asmatu da eskuak goian izateko joera, baina malguagoa izan daiteke”. Besoak erabil daitezkeela uste du Mendizabalek. “Altxatu daitezke, jaitsi, bikoteari ukitu bat eman… Besoekin bestelako freskotasun bat, naturaltasun bat islatu daitekeela uste dut”. Eremu txikiagoan dantzatzeari dagokionez, Donostian txapel gainean dantzan jarri zituzten bikoteak. “Asko mugitzen garela esaten digute orain, eta lehen kontrakoa izaten zen helburua; eremu txikian dantzatzea, alegia. Koreografikoa da egungo dantzaren oinarria, eta espazioa erabiltzeko joera handiagoa dago”. Arazoa eta etorkizuna Mendizabalen esanetan, proba berri horiek puntuatu izan dira txapelketan. “Baina ez dira baliagarriak izan azken emaitzarako”. Hurrengo urtean balio izatea da asmoa. “Baina eroso sentitu behar du jendeak. Soseguz eta pixkanaka eman behar dira pausoak”. Bihar, esaterako, ez da izango proba berririk. Mendizabalen ustez, irakasle falta da une honetan dantza solteak duen beste arazoetako bat. “Profesionalizatu beharra”, baina baikor dago etorkizun hurbilera begira. “Bikote gazte dezente dago gaur egun. Izan zen gutxiago zeuden garaia. Dantza soltean azpeitiarrak bakarrik aritzen zirela ematen zuen garai batean, eta larri samar ibili ginen. Poliki-poliki, aldatu egin da joera hori”.“Berritu egin behar da tradizioa ere. Erakargarriago egiten baditugu, beste formatu bat har dezakete txapelketek”
“Urteotan bidean utzitako dantza molde interesgarriak berreskuratzea ere bada aldaketen helburua”
Antton Mendizabal (Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko dantza solteko batzordearen koordinatzailea)
Helduen dantza solteko hamar txapelketa jokatu dira aurten; 11.a izango da Segurakoa. Hernani. Ane Urruzola eta Iker Sanz (Villabona-Amasa / Lezo). Zumarraga. Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta (Azpeitia). Irun. Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta (Azpeitia). Errenteria. Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta (Azpeitia). Itziar. Ane Urruzola eta Iker Sanz (Villabona-Amasa / Lezo). Azkoitia. Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta (Azpeitia). Donostia. Idoia Besada eta Xabier Artola (Pasaia / Irura). Zarautz. Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta (Azpeitia). Arrate. Idoia Besada eta Xabier Artola (Pasaia / Irura). Bergara. Idoia Besada eta Xabier Artola (Pasaia / Irura).