Trikuarri, Oihan Vega eta Ze Esatek!, bihar Zumarragan
Aldundiak Gipuzkoan Gazte Tour programa antolatu du eta lehen jaialdia Zumarraga izango da larunbatean. Iban Garcia influencer-ak Instagram-i buruzko tailer bat emango du, Trikuarri eta Ze Esatek! taldeek kontzertua egingo
Aldundiak Gipuzkoan Gazte Tour programa antolatu du eta lehen jaialdia Zumarraga izango da larunbatean. Iban Garcia influencer-ak Instagram-i buruzko tailer bat emango du, Trikuarri eta Ze Esatek! taldeek kontzertua egingo dute eta Oihan Vegarekin dantzaldia egongo da.
Ekitaldia atzo aurkeztu zuten, Mikel Serrano alkateak eta Fernando San Martin aldundiko Kooperazio zuzendariak. Serranok aldundiak eta udalak gazteen aldeko apustua egin dutela esan zuen. «Gazteen aisialdia parte hartzailea izatea nahi dugu eta artista gazteen aldeko apustua egin nahi dugu. Hori dela eta, Trikuarri taldeak joko du». San Martinek aisialdia hezitzailea dela esan zuen. «Gazteak beraien aisialdiaren jabe izatea nahi dugu. Hori dela eta, egitararua beraien parte hartzearekin prestatu dugu».
Gipuzkoan Gazte Tour programa 12 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendua dago. Aurten Arrasate, Azpeitia, Eibar, Hondarribia eta Irunera helduko da. Jaialdi guztietan tailer bat, herriko talde baten kontzertua, nazio mailako edo nazioarteko talde baten emanaldia, DJa eta photocall-a egongo dira.
Zumarragari dagokionez, Iban Garcia azkoitiarraren tailerra 11:00etan izango da, Zelai Arizti kultur etxean. Garcia youtuber, influencer, DJ eta aurkezlea da. Instagram-eko trikimailuak erakutsiko ditu eta sare sozialen onura eta arriskuez hitz egingo du. Bi ordukoa izango da.
Arratsaldeko kontzertuak Izazpiko plaza estalian izango dira. 17:30ean Trikuarri taldeak joko du. Erromeria talde hau Zumarragako bost gaztek osatzen dute: Amaia Rodriguez (zeharkako txirula eta ahotsa), Uxue Kerejeta (trikitixa eta ahotsa), Itsaso Larrañaga Triku (gitarra), Sidi Elbouanani (baxua) eta Arri Iraeta (bateria).
Euskal taldeen kantak jotzen dituzte (Sorotan Bele, Zea Mays, Esne Beltza, Huntza, Zarama…). 20 bat kontzertu eman dituzte. Orain arteko garrantzitsuena Kilometroak festan egin zutena da. Ilusio handia egiten die aldundiaren Gipuzkoan Gazte Tour programan parte hartzeak.
Ze Esatek! taldeak 18:30ean hasiko du emanaldia. 2009an sortu zen rock, reggae eta ska taldea da. Beraien helburua festa giroa sortzea da eta bost disko kaleratu dituzte.
Oihan Vega 20:30ean hasiko da. Gazte gehien erakartzen dituen DJ-a da. 50 herri baino gehiagotan gozatu dute bere disko jaiaz. Donostiako Aste Nagusian 3.000 lagun baino gehiago elkartu zituen eta Bilbokoan 5.000 baino gehiago. Kilometroak festan ere ehunka gazte jarri zituen dantzan, eguraldiak lagundu ez zuen arren.