Legorretatik Itsasondora oinez joan dira Gipuzkoako eskualde guztietatik iritsitako jubilatu elkarteetako kideak
Legorretako plaza granatez jantzi da gaur. Agijupens Gipuzkoako jubilatuen eta pentsiodunen elastiko granatea soinean, Legorretatik Itsasondorako ibilbidea oinez egiteko prest zeuden 700 lagun inguru. Martxa neurtuaren 28. ekitaldia da gaurkoa. Iaz Eibarren egin zuten eta lekukoa han hartu zuten Legorretakoek.
Ibilbideari ekin baino lehen, Legorretako Lekun abesbatzak aurreskua kantatu du eta Irrintzi-Alai dantzat taldeko bi kidek dantzatu egin dute. Frontoian jarritako oholtzan izan da eta bertan hitza hartu dute Joxe Agustin Arrieta Agijupens-eko lehendakariak, “Gipuzkoako jubilatuen elkarteen topaketan lurraldeko eskualde guztietako ordezkariak daude. Aniztasunaren martxa da. Gu ez gara gaurkoak, baina gugan elkartzen dira iragana, oraina eta etorkizuna”.
Legorretako alkateak hitza hartu du jarraian eta nabarmendu du Legorreta bezalako herri txiki batean halako ekintza bat antolatzea “lan handia” izan dela, nolanahi ere, “atzo kiroldegian mahaiak jartzen belaunaldi guztietako pertsonak elkartu izana oso pozgarria da. Harro gaude gure jubilatuek egindako lanarekin”.
Maite Peña Gizarte Politikarako diputatua izan da hitz egiten azkena, “Gipuzkoan erronka izugarria daukagu gizartearen zahartzea dela eta. Zahartzaroa arazo bat balitz bezala ikusten dugu, eta arazoak baditu, baina aukera itzela ere bada. Zuek badakizue gizarteare egin ahal diozuen ekarpena zenbaterainokoa den”.
Hitzaldiak amaituta, brigadatan antolatuta, hasi dira ateratzen granatez jantzitako jubilatuak eta pentsiodunak.